1948ko uztailean, Muñatones Gazteluan Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak izan zuen batzarrean, gazteluaren ondoan, gaur egun desagertuta dagoen San Martin baselizan aurkitutako hezur batzuen hondar batzuetatik egindako azterketa mediku-forentsea aurkeztu zen jendaurrean. Hezur horiek, antza denez, Lope García de Salazarrenak dira eta larunbateko jardunaldian zehar azterketa mediku-forentse horren lehendabiziko berrikusketaren emaitzak ezagutzera eman ziren. Karbono 14aren bidezko hortz baten datazioak 1445 eta 1524 urteen artean kokatzen du. Gauzak horrela, Muskizko bandokidearena izan daiteke, baina ADN analisi batek baieztatuko du azkenean hezur horiek Loperenak diren.
Muskizko historia eta ondasuna, eta batik bat gaztelua bera ezagutarazteko asmoz, “Loperen hezurrak” jardunaldiaren baitan, Juan Manuel González Cembelín historialariak bisita gidatua egin zuen gaztelutik eta, jarrian, Alabazan taldeko Joaquín Pontek Bienandanzas e Fortunas izeneko lanaren ahozko narrazioa eskaini zuen.
Ondoren, Salazar Jauregian, Pedro Castaños paleontologoak, 2000. Urtean hezur hauek ikertzen jarraitu zuenak, Paco Etxebarria antropologo eta forentseak eta Marian Martínez de Pancorbo EHU-ren DNA Bankuaren zuzendariak hitzaldiak eskaini zituzten. Jardunaldian ere Khantoria izeneko Erdi Aroko musikako taldearen emanaldia izan zen, zeinek XV. mendeko musika lan batzuk jo zituzten.
Bertan ere izan ziren Lorea Bilbao Euskera eta Kultura diputatua, José Ignacio Zudaire, Petronorren Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanen zuzendaria, Rufino Manterola Muskizko Udaleko zinegotzia, Lorenzo Goikoetxea Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Bizkaiko Sailaren presidentea eta Joseba Jaureguizar Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Bizkaiko Sailaren diruzaina.