Emiliano López Atxurra Petronorren presidenteak eta Iura Vasconiae Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioaren presidente Gregorio Monrealek lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, Notitia Vasconiae: Euskal Herriko historialari, legelari eta pentsalari politikoen hiztegia deritzon proiektua gauzatzeko. Lopez Atxurraren hitzetan: “historiografia ez da muga-kontua, ezaupide-faktorea baizik”.
Sinaketa gaur goizean izan da, Donostian, Iura Vasconiae Fundazioaren egoitzan, Aranzadi Zientzia Elkartean. Proiektuaren helburua kontsultarako obra zehatza eta fidagarria ekoiztea da, zuzenbide eta erakunde historikoen arloan, historiografian nahiz pentsamendu politiko tradizionalean izandako azken ekarpenak bilduz, Euskal Herriko historiaren esparruan lan egiten dutenentzako erreferentziazko obra bihurtzeko asmoz. Lanak euskal lurralde guztiak barne hartuko ditu; alegia, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa Estatu espainiarrean eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Estatu frantziarrean.
Lau urteko (2018-2021) proiektu honek 160.000 euroko guztizko aurrekontua izango du. Petronorrek 38.000 eurorekin babestuko du, 2018an eta 2019an, baina finantzaketa publikoa ere jasoko du.
Bere elaborazioan aipatutako lurraldeetako unibertsitate guztiek (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta Paueko Unibertsitatea) parte hartuko dute. Horiei, Nevadako (AEB) Renoko Unibertsitatea gaineratu behar zaie, euskal ikasketen arloan duen nazioarteko ospeagatik.
Proiektua gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez argitaratuko da (Nevadako Unibertsitateko CBSen eskutik), baita frantsesez ere, honetarako finantzaketa osagarria lortuz gero.