Graphenea munduko erreferente bihurtu da

Amaia Zurutuza Graphenearen zuzendari zientifikoa Konpainiaren eboluzioa azaltzen.
Graphenea, paperaren gainean zirriborratutako ideia bat besterik ez zena, grafenoaren ikerketa eta ekoizpenaren arloko munduko erreferentzia nagusietakoa bihurtu da zortzi urte eskasetan. Aukera handi-handiak eskaintzen dituen material berri honen inguruko abenturak zerikusi handia du Repsolekin, izan ere, ‘startup’ hutsa zen garaian, proiektu horretan inbertitzea erabaki zuen Corporate Venturing-en bitartez.

Egun %10 inguruko merkatu-kuota izanik, 2010ean sortutako Graphenea enpresa kalitate handiko grafenoaren ekoizle nagusietakoa bihurtu da, ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra den ekoizpen-teknologia lehiakor eta eskalagarriari esker.

Grafenoa karbono atomoen geruza bakar batez osatutako nanomateriala da, ezaugarri optiko, elektriko eta mekaniko bereziak dituena. Material honek izan ditzakeen era askotako aplikazioek arreta eman zioten Repsoli, bereziki energiaren arloan bateriak, superkondentsadoreak, eguzki-zelulak nahiz kudeaketa termikorako gailuak garatzeko eskaintzen zituen aukerengatik.

Jesús de la Fuente sortzaile eta egungo CEOaren eskutik, duela zortzi urte startup hutsa izan zen Graphenea enpresak 2 milioi euro inguruko fakturazioa aurreikusia du aurtengo ekitaldirako, 25 pertsona kontratatuak ditu, egoitza berria du Donostiako Miramon Technology Parkean, hainbat patente erregistratuak ditu, 53 paper argitaratuak ditu ospe handiko aldizkari zientifikoetan eta 600 bezero baino gehiago ditu mundu osoko 55 herrialdetan.

Ikerketa-proiektuak garatzeaz gain, Grapheneak ondo bereizitako bi negozio-ildo ditu gaur egun: grafeno-filmak (CVD), bereziki industria elektronikoari zuzendutakoak, eta grafeno-oxidoa, arras erabilgarria aplikazio energetikoetan.