Petrolioa, ezegonkortasun geopolitikoekin oso sentibera den lehengaia izanik, goranzko zurrunbiloan murgilduta dago azken hilabeteotan. Petrolio gordinaren prezioaren igoerak ondorioak izango ditu Espainiako ekonomiaren bilakaeraren gainean, herrialde osoan kontsumitzen den petrolio guztiaren % 99 inportatzen duen neurrian. Egoera honek ondorio negatiboak izango ditu kontsumoan, enpleguaren sorkuntzan, zerga-bilketan, defizita betetzeko helburuan eta Barne Produktu Gordinaren (BPGd) aurrerapenean.
Hala ere, egoera hau onuragarria da Oil&Gas sektoreari atxikitako Euskadiko ehun bat enpresarentzat. Petrolioaren prezioaren gorakadak petrolio-konpainien negozio-marjinak handitzen ditu. Petronorren kasuan, biltegietan gordeta dauzkan produktuen balioa handituko du, ondare-efektuari eraginez. Ondare-efektua izenaz ezagutzen da, hilabeteetan erregai-andeletan gordetako petrolio gordinaren erosketa-prezioaren eta ekitaldiaren amaieran duen merkatuko balioaren arteko diferentzia. 2018an, “petrolio gordinaren prezioak urtea amaitu arte maila berean mantenduz gero, ondare-efektua positiboa izango da”, ziurtatu du Arredondok.