Amplek itxi berri duen 27 milioi euroko finantzaketa-txandan, Repsolek ez ezik, Royal Dutch Shell petrolio-konpainia anglo-holandarrak eta hiru funts-konpainiak parte hartu dute.
Ample 2014ean sortutako “startupa” da, robotikan eta bateria adimendunen teknologian oinarrituta ibllgailu elektrikoen bateriak “minutuetan” aldatzeko soluzioa garatu duena.
Repsol Taldeak –zeini datxekion Petronor— azpimarratu du mugikortasun elektrikoarekin lotutako proiektuetan parte hartzearen aldeko apustua. Haren iturriek adierazi bezala: “integratutako konpainia energetikoa garen aldetik, mugikortasunaren sektoreko elektrifikazioaren hazkundearekin bat egin nahi dugu”.
Ampleren kapitalean sartzean, Repsolek beste pauso bat eman du mugikortasun alternatiboaren arloan. Izan ere, egun, Kia Motors-ekin batera eratutako ibilgailu partekatuaren (“carsharing”) arloko Wible sozietateko eta moto elektrikoen diseinu eta fabrikazioan diharduen Scutum enpresako partaidea da dagoeneko.
Gainera, ibilgailu elektrikoen birkargaren segmentuan, petrolio-enpresa espainiarra Ibil enpresako partaidea da Energiaren Euskal Erakundearekin (EVE) batera.