Naukasek –Estatuko dibulgazio zientifikoko ekitaldirik handiena– Estatuko zientzia-dibulgatzailerik onenek emandako 10na minutuko 60 hitzaldiz gozatzeko aukera eskaini die zientziazaleei, zuzenean nahiz streaming bidez. Bildutako datuen arabera, irailaren 13tik 15era, 6.713 erabiltzaile bakarrek streaming bidez jarraitu dute Naukas Interneten, guztira 9.053 orrialde bistaratu dituztelarik. EITBren Kosmos kanalean, hilaren 13tik 18ra bitartean, 63.412 izan dira ekitaldiko bideoak ikusi dituzten erabiltzaile bakarrak, guztira 116.392 orrialde bistaratu dituztelarik.
Sare sozialetako zabalkundeari dagokionez, irailaren 13tik 17ra bitartean, Twitterren, Naukasi buruzko 13.500 mezu idatzi zituzten 3.269 erabiltzailek. Horrez gain, 1.945 argazki eta 1.943 bideo partekatu zituzten. Facebooken, 425 mezu idatzi eta 387 aldiz partekatu ziren, 17.480 like lortuz eta 129.077 pertsonarengana iritsiz.
Zortzigarren urte honetan, Petronorren babespean, Naukas Bilbaon izan dira Alicia Sintes fisikaria, grabitazio-uhinen aurkikuntzan parte hartu duen Estatuko zientzialari-talde bakarraren zuzendaria; Francis Mojica mikrobiologoa, medikuntzako edo fisiologiako hurrengo Nobel saria irabazteko hautagai bihurtu den Alacanteko Unibertsitateko ikertzailea, eta medikuntza alternatiboaren ikerketan espezializatu den Edzard Ernst ikertzaile eta medikuntzako katedraduna.