68aren ostean ERAKUSKETA

Emiliano López Atxurra, aurkezpenean zehar.
Petronorren 50. urteurrenaren karietara aurkezten dugu orain 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018 erakusketa antologikoa, euskal artearen bost hamarkadaren azterketa egiten duena; era horretan, museoak gure inguru hurbileneko arte garaikidearekin duen konpromisoa berritzen du. Proiektuak Petronorren babesa dauka; erakunde hori ere, era berean, berrogeita hamargarren urteurrena ari da ospatze

Erakusketa 1968. urte enblematikotik abiatzen da –Gaur taldearen fundazioa baino bi urte geroago–; hain zuzen, une horretan sartu zen 40ko hamarkadan jaiotako euskal artisten belaunaldi berria agertoki artistikoan, eta eremu hori Euskal Eskolako taldeetako kide beteranoekin partekatu zuen; horiek guztiek Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida zituzten erreferente. Salbuespenezko atariko gisa, erakusketan beraien ohiz kanpoko piezak daude: Oteizaren Omenaldia Paul Kleeri (1955-1956) edo Espiritu Santuaren erretratua (1958-1959), bilduma partikularretakoak direnak, eta Chillidaren Abesti gogorra IV (1964) eta Musika isildua I (1955), Juan March Fundazioarena eta Basileako Kunstmuseumena, hurrenez hurren.

Politikoki eta sozialki asaldurazkoa izan zen hamarkada horretan, euskal arteak informalismotik eta abstrakzio konstruktibotik eratorritako lengoaien amaiera ezagutu zuen; pop artearen proposamen figuratiboak agertu ziren, eta, minimalismoaren zein arte kontzeptualaren eraginez, objektu artistikoaren ideia zalantzan jartzen hasi zen. Garai horren hasieran, hain justu, 1970eko irailaren 28an, museoaren eraikin modernoa inauguratu zen, eta Bilboko Arte Ederren Goi-eskolaren jarduna abiatu zen; hura izango zen etorkizunean Arte Ederren Fakultatea, eta euskal artearen garapenean eragin erabakigarria izan zuen.

Ibilbidea bost hamarkada geroago bukatzen da, 2018an, egungo sortzaileen esperientzia artistiko berrienekin. Aldi horretan, emakumeek egindako arteak protagonismo handiagoa hartuko du pixkanaka.

Ia-ia 150 obra (pintura, eskultura, argazkigintza, bideoartea eta paperaren gaineko obra) eta zenbait belaunalditako 100 artista inguru biltzen dituen hautaketa zabal honek aukera emango du, batetik, ezagutzeko artea modernizatzeko zein modu egon ziren azken mende aldaketan inguru berezi honetan, eta, bestetik, baloratzeko hemen hasi diren ibilbide pertsonal zein kolektiboek zer garrantzi izan duten Estatu mailan eta nazioartean.

Erakusketaren abiapuntua Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma izango da, eta horri bilduma pribatuen eta beste erakunde publiko batzuen mailegu aipagarriak gehituko zaizkio; erakunde horien bildumen interes-puntu nagusietako bat euskal arte garaikidea izan da. Artiumetik datoz Mª Luisa Fernández, Txuspo Poyo, Edu López eta Jon Mikel Eubaren hainbat pieza nabarmen. Euskadiko aurrezki kutxetatik, berriz, Pedro Osés, Juan José Aquerreta, Alberto Rementería, Luis Candaudap edota Azucena Vieitesen lanak.

Euskaditik kanpo ere asko dira euskal artea bildumatu duten erakundeak, eta erakusketari ekarpen handia egin diote. “La Caixa” Fundazioak Ángel Bados, Txomin Badiola, Cristina Iglesias, Peio Irazu edo Ana Laura Aláezen lanak laga ditu. Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalak, Bartzelonako Museu Nacional d’Art Contemporanik (MACBA) eta Gaztela eta Leoneko Arte Garaikidearen Museoak (MUSAC), esate baterako, Miguel Ángel Gaüeca, Sergio Prego, Asier Mendizabal, Ibon Aranberri, Iñaki Garmendia eta Ixone Sadabaren lanak utzi dizkiote Bilboko museoari.

Corpus artistiko horri museoaren Liburutegiko ondare bibliografiko zein dokumentala gehitu zaio. Liburutegiak dokumentazio eta ikerketa lan handia egiten du, Arteder euskal arteari eta artistei buruzko gure herrialdeko datu-baserik handienaren bitartez. Atal horretan, gainera, bilduma pribatuetako maileguak gehitu dira –Xabier Sáenz de Gorbea historialari eta kritikariaren edo Sol Panera galeristaren artxiboa–, bai eta erakunde publikoenak ere, esate baterako, Jorge Oteiza Fundazio Museoarenak, Sancho el Sabio Fundazioarenak edo Koldo Mitxelena Kulturunearenak.

Diskurtso kronologiko bat egingo da, zeinean artistak eta haien obrak artxiboko materialekin eta dokumentuekin (liburuak, liburuxkak, txartelak, aldizkariak, kartelak, idazkiak edo ikus-entzunezko materiala) batera egongo baitira. 68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018 erakusketak museoaren eraikin moderno osoa hartuko du (BBK aretoa, eta 32. eta 33. aretoak). 1970ean inauguratu zen gune hori, eta garai hartan arteak erakundeetan izan zuen ibilbidearen osagai garrantzitsua da.

Miriam Alzuri, Begoña González eta Miguel Zugaza museoko kideen komisariotzapean egindako erakusketaz gainera, adituen testuekin osatutako katalogo bat egingo da. Katalogoko testu horiek informazio berria eskainiko dute, Euskadin 1968tik gaur egunera arte izan diren adierazpen artistikoen azterketarako. Francisco Javier San Martín, Fernando Golvano, Peio Aguirre eta Miren Jaiok hamarkadaka aztertu dituzte erakusketako praktika artistikoak. Lau testuak doan jaits daitezke euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez museoaren webguneko (www.museobilbao.com) Irakurketa aretoan. Halaber, Mikel Onandiak kronologia zehatza osatu du, aldi horretan, testuinguru artistiko eta soziala zehaztu zuten gertaerak jasotzen dituena.

Era berean, erakusketa irekita egongo den bost hilabeteetan, publikoari urte hauetako aldaketa politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak artearen ikuspegitik aztertzeko aukera eskainiko dioten askotariko ekitaldi osagarriak antolatuko dira; hala nola, zinema, musika eta hitzaldi zikloak edota hezkuntza-programa zabala.

ERAKUSKETA IBILBIDEA

 70eko hamarkada

1966an Euskal Eskola sortu zuten artista haiek berek garapena eta heldutasuna lortu zuten 1970eko hamarkadan, Jorge Oteiza izan ezik, hark amaitua baitzuen bere lan eskultorikoa; hala eta guztiz ere, haren presentzia aktibistak erabakigarria izaten jarraitzen zuen garai horretan. Talde ekimen horrekin bat egin zuten gazteenek ere, besteak beste Xabier Morrás, Juan José Aquerreta eta Carmelo Ortiz de Elgeak, hiztegi pertsonala indartu zuten hamarkada horretan. Eskulturari dagokionez, euskal estilo geometrikoko erretorika bat sendotzen joan zen, oihartzun arkaikoekin; pinturaren eremuan, berriz, zailagoa izan zen belaunaldien arteko herentzia. José Antonio Sistiaga edo Rafael Ruiz Balerdiren —aurreko hamarkadako bi protagonista aipatzearren— eta Mari Puri Herreno edo Alfonso Gortázarren artean ez zen eskuz esku emateko lekukorik izan; aitzitik, belaunaldien arteko ebakidura bat izan zen gehiago. Artista zaharrenek gazteekin hitz egiteari utzi zioten, eta 60ko hamarkadako pintura informalista distiratsuak apenas izan zuen jarraipenik. Bestalde, lankidetzan oinarritutako ekimenen porrota azaltzeko aipatu izan da lurralde desberdinetako artistek ere ez zutela elkar ulertzen, isolatuta zeudela, nahiz eta ikuspegi geografikotik hurbil egon. Horri, halaber, belaunaldien isolamendu hori erantsi behar zaio. Oso nabarmena izan zen Bizkaian, erreleboa benetako konfrontazio abangoardista izan baitzen; gainerako lurraldetan, ordea, ez zen hain nabarmena izan, nahiz eta presente egon zen neurri handian edo txikian. Hamarkadaren hasieraz geroztik pintura narratiboaren forma berriak sortu ziren, zeinak zeuden lekukotasunezko poparen edo, besterik gabe, hiriaren fenomenoaren hurbilekoaren eta psikodeliaren edo mitologia pertsonalen hurbilekoaren artean. Gipuzkoa eta Iruñea izan ziren pintura mota horren fokuak, eta Topaketak 72 erakusketaren bitartez egin ziren ikusgai, bat-batean.

Diktaduraren testuinguru zailean lan egiten duten artistei buruz ari gara, noski. Erregimena azken estertoreetan bazegoen ere, herritarren oinarri-oinarrizko askatasunak zapaltzen jarraitzen zuen: erakusketa itxiak, artista atxilotuak, zentsura… Euskal artistek, ordea, etenik gabeko desadostasunak gorabehera, jakin zuten Francoren diktaduraren kontrako borrokan beste fronte bat osatzen. Erregimenaren amaieran, 1975, 1978 eta 1979. urteen bitartean –diktadorearen heriotza, Espainiako Konstituzioaren onespena eta Euskal Herriko Autonomiaren onespena– artistek galdu egin zuten, maila batean bederen, beren izaera ereduzkoa, antagonista, eta bestelako testuinguru batera egokitu behar izan zuten; testuinguru horretan, lehentasunek politikoak izateari utzi eta profesional bihurtu ziren.

1979. urtearen amaieran, hamarkadaren muturrean, sintoma berri bat: Euskadi Sioux aldizkaria kaleratu zen, protagonismo grafiko handiarekin, besteak beste Juan Carlos Eguillor eta Vicente Ameztoy artistekin. Mestizajearen inguruko eztabaida kulturalaren alderdi berriak erakutsi ziren bertan, eta, gutxi iraun bazuen ere, antzeko ekimenen aitzindaria izan zen lurralde historiko guztietan. Euskal artista gehienek ez zuten azkartasun beraz erreakzionatu prentsa eta iritzi askatasunaren estimulu berrietara; baina urte erabakigarri horietan, artista belaunaldi berri bat sortzen hasi zen, globalaren eta tokikoaren erronkari aurre egin behar izan ziona eta igaro behar izan zuena modernotasunetik haren ondareari eta zabalik uzten zituen ikuspegiei buruzko eztabaidara.

Francisco Javier San Martín

80ko hamarkada

Modernotasunaren krisia ez zen inguruko herrialdeetan bezala gertatu euskal testuinguruan, guztiz bestela baizik. Diktaduraren amaieraren dramatismo politikoak markatuta, berreskuratutako askatasunen eferbeszentzia giroan, ez zen, ordea, tradizio moderno batean oinarritzen –popa, minimalismoa, kontzeptuala–, zeinetatik abiatuta eraiki zitekeen bere kontakizun antagonista. Alderantziz, eraikuntza nazionalaren, nortasun herrikoiaren, agenda zuen, eta beste dimentsio bat hartu zuen mapa autonomiko izeneko hartan. Nazioarteko joeren eragina bereziki aipagarria izan zen berrogei urtez isolatuta egon ondoren nazioarteko ingurunera sartu berria zen herrialde hartan.

Modernotasunetik garaikiderako igaroaldia bizkorra izan zen, eta irudi moderno baten errebindikazioan –paradoxikoki, edo ez horrenbeste– oinarritu zen: Jorge Oteiza, zeina ez zen besterik gabe eskultore bat, baizik eta helburu etikoko aktibista bat arte humanistarentzat, nahastaile bat, hainbat hamarkada zeramana arte garaikidearen esparruan bertako hezkuntza eta kultura berreskuratzearen premia azpimarratzen. Oteizaren irudia eredu formal eta etiko gisa itzuli zen 80ko hamarkadan, 50eko hamarkadaren amaieran baino indar handiagoz, artean aktibo zegoela eskultore gisa. Hizkuntza post-minimalistaren (Txomin Badiola), kontzeptualaren (CVA) edo mitikoaren (Ángel Bados edo José Ramón S. Morquillas) bitartez, garai hartan euskal eskultura Berria deituak urrats bat aurrera eta beste bat atzera egin zuen: sorrera erakusketan, Mitoak eta delituak (Bartzelonako Metrònom galeria eta Bilboko Udal Aurrezki Kutxa), aurrerantz begiratzen zuten hiztegi post-modernoen bitartez, eta atzera, berriz, tokiko ondarearen berrikusketaren bitartez.

Bestalde, 70eko hamarkadaren amaieraz geroztik gora egin zuten nazioartean finkatuta zeuden neo-espresionismoaren bertsio gutxi-asko hurbilekoek. Finkatuta zeuden hainbat artista, hala nola José Luis Zumeta edo Juan Luis Goenaga, hartara hurbildu ziren, eta garrantzizko norabide aldaketa eragin zuten beren lanean; aldi berean, izen berriak sortu ziren, hala nola Iñaki de la Fuente, Daniel Tamayo eta Alfonso Gortázar, zeinak eskaini zituzten molde narratiboko pinturaren balio handitze horren bertsio guztiz bestelakoak.

Erakundeen testuingurua ere aldatu egin zen: Bilboko Arte Ederren Fakultateak errotik aldatu zuen artearen irakaskuntza, artisten arteko harremana eta horien profil profesionala. 1983. urtearen hasieran, Bilbo inguruko garrantzizko artista talde batek EAE (Euskal Artisten Elkartea) sortu zuen berriro, “indarrak bateratzea helburu komunen eta sektorearen babesaren alde” asmo zaharrarekin. Tarte aldizkariaren zenbaki bakarra argitaratu zuten, eta 20 euskal artista erakusketa antolatu zuten, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan; baina, beste behin, oso denbora gutxi iraun zuen. 1981. urtean Arteder sortu zen, Nazioarteko Arte Azoka; hura izan zen Gernikako Estatutuaren ondorengo
lehenengo urteetako gogoberotasunaren definiziorik onena, baina bi edizio baino ez zituen egin. Testuinguru horretan sortu ziren Gure Artea (1982), Eusko Jaurlaritzaren saria, Ertibil (1983), Bizkaiko Foru Aldundiarena, eta Artistas Noveles berritu zen. Deialdi horiek, formatu aldaketen eta eztabaiden ondoren, jarraipena eduki dute gaur egun arte. Erakundeen panoramak pobrea izaten jarraitzen zuen, ordea: ez zegoen proposamen berriak sustatuko zituen erakusketa aretorik (Bilboko Aurrezki Kutxaren Kultura Aretoa salbu, Elkano kalean), ezta arte zentrorik eta museo berriturik ere.

Francisco Javier San Martín

90eko hamarkada

1990eko urrian, Epilogo erakusketak –Santiago Erasok Tolosako Azoka Barrutiaren barruan antolatua, erakundeen esparrutik kanpo– euskal eskulturari buruzko eztabaidaren eta berehalako erreferenterik gabeko beste proposamen batzuen artean kokatutako artisten belaunaldi berri batengan jarri zuen arreta. Ia gehienak Artelekuko ikastaroen, tailerren eta eguneroko bizitzaren inguruan biltzen ziren, Donostian. Epilogo erakusketan agertu ziren besteak beste Ana Laura Aláez, Gema Intxausti eta Dora Salazar, eskulturan, eta Ramón Amondarain, Luis Candaudap eta Edu López pinturan. Arteleku, ekoizpen eta pentsamendu zentroa, 1987. urtean zabaldu zen, Loiola auzoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta. Baina testuinguru horretan ez zen erabakigarria izatera iritsi 90eko hamarkada arte. Ibilbide osoan, 2014. urtea arte, hain zuzen, Zehar aldizkaria argitaratu zuen. Badiola eta Badosek hamarkadaren erdialdean Artelekun egin zituzten tailerretatik beste izen batzuk sortu ziren, esate baterako Itziar Okariz, Sergio Prego edo Jon Mikel Euba. Arte Ederretako Fakultatearekin batera, goi-mailako irakaskuntza zentro gisa sendoturik, hark osatu zuen urte horietan indar handiz aberastutako gorputz artistikoaren hezurdura: 1991ean Rekalde Aretoa inauguratu zen Bilbon, eta handik bi urtera Koldo Mitxelena Kulturunea Donostian. Batean zein bestean, bertako eszenari ez ezik nazionalari eta nazioartekoari ere egiten diote arreta. Azkenik, 2002an, Artium inauguratu zen Gasteizen, eta erakusketarako erakunde ehun aberatsa osatu zen horrela. 60ko eta 70eko hamarkadan eta, modu marginalean, geroago ere, indarrean jarraitzen zuen “Euskal arima” delakoaren estilo bat edo adierazpen forma bereizi bat existitzen zen gaiari buruzko eztabaidak; baina horren aurrez aurre, 90eko hamarkadaz geroztik Euskadin sormenaren eremua ondoen definitu duen alderdietako bat errealitate instituzionala izan da, soil-soilik: irakaskuntza, ekoizpen eta erakusketa erakunde sareak, oro har Estatuko gainerako lurraldekoak baino sarriagoak eta kalitate hobekoak, izan ziren euskalduntasunaren presentzia baieztatu zutenak Espainiako eta nazioarteko testuinguruan. Azken batean, ez zen horrenbeste esaten zena, edo ez hori bakarrik, baizik eta esateko aukera ematen zuten plataformak.

Beste alde batetik, arte plastikoen esparruan, eragileen kopurua handitu eta askotarikotu egin da, eta espazio eta kolektibo alternatiboen sorrera bultzatu da horrela. Espacio Abisal, artisten kooperatiba independentea, 1996an inauguratu zen, eta haren atzetik beste hainbat etorri ziren, consonni, DAE edo talde berriak, hala nola Fundación Rodríguez Gasteizen, zeinak eratu zuten ekoizpen, erakusketa eta gogoeta ehun berria, bide ez arautuetatik zihardutenak. Erreakzioa/Reacción (Estíbaliz Sádaba eta Azucena Vieites) taldeak eztabaida feministak zabaldu zituen fanzineen eta beste baliabideen bitartez. Atzerapenarekin bada ere, gure inguru hurbilena kontuan hartuta, sari eta beka ugariak lortzeko lehiaketetan gaztearen paradigma nagusitu zen, eragileen ia-ia erabateko berrikuntza izan zen. 1998an, egoitza artistikoen eredua sendotu zenean, Bilboko Udalak BilbaoArte sustatu zuen; edonola ere, ez zen garrantzizko eragile bihurtu hamarkada bat igaro zen arte.

Margolariaren edo eskultorearen figura zaharrak, salbuespenak bazeuden ere, disolbaturik gelditzen ari ziren sorkuntza prozedura batzuetatik beste batzuetarako aldaketan, higatu egiten baitzituzten jarduera tradizionalak eta esparru lauso eta nahasi baterantz jotzen zuten. Artistek, hainbat esparrutan jarduteko gai izanik, mendearen amaiera aldera diziplinen gurutzaketa gisa sortu zituzten beren lanak, esate baterako Elena Mendizabal, Eduardo Sourrouille edo Txuspo Poyok. Baina nolabaiteko egonkortasun diziplinarra aukeratzen dutenean ere –Iñaki Imaz, Prudencio Irazabal edo Manu Muniategiandikoetxea pinturaren eremuan; Dora Salazar edo Javier Pérez eskulturaren eremuan–, orduan ere ezpurutasunez eta erreferentzia askotarikoez betetzeko joera dute.

Francisco Javier San Martín

Zero urteak

2002ko otsailean, Gaur, Hemen, Orain erakusketa, Bilboko Arte Ederren Museoan, Bartomeu Marí eta Guadalupe Echevarríaren komisariotzarekin, mende berriari buruzko nolabaiteko optimismoaren sintomatikoa izan zen; horren erakusgarri dira Juan Luis Morazak museoaren kanpoaldean jarri zituen farola bikoitzak, eremu publikoaren argiztapen fisiko eta sinboliko gisa iraun dutenak. Erakusketak hainbat belaunalditako artista hautatuak erakutsi zituen, mundu garaikidearen arazoen inguruko proposamen artistikoen gaurkotasuna eta, orobat, euskal artearen nolabaiteko jarraipenaren bilaketa egiaztatzeko ahaleginean. Gaur, Hemen, Orain erakusketan aurreko hamarkadako euskal artisten arrakasta eta gazteekiko elkarrizketaren etorria uztartzea zen helburua: belaunaldi bat sendotzea eta Artelekun edo Arte Ederretako Fakultatean izandako esperientziaren helarazpena. Erakusketa hartan bazegoen Eskolaren zerbait, eremu pedagogikoari dagozkion trukeen bitartez eratutako nortasun bat; baina, poliki-poliki, hamarkadak aurrera egin ahala, kidetasun horiek dibertsifikatu egin ziren, eta gero eta forma askotarikoagoak hartu zituzten, artistek hizkuntza pertsonala garatzen zuten neurrian. Ibon Aranberrik, Asier Mendizabalek, Francisco Ruiz de Infantek, besteak beste, ikusgaitasuna lortu zuten mendearen hasieran, estatuatik instalazioaren inguruko irtenbideetara eramaten duen bidea zeharkatu ondoren.

1997an inauguratua, Guggenheim Bilbao fenomeno global bihurtu da, eta eredu gisa ere imitatu da, erakusten baitu nola jardun lezakeen ekipamendu kultural batek lider gisa hiri baten eraldaketan, ehun produktiboa zerbitzuen ekonomia baten testuingururako eraldaketan hain zuzen ere. Museoak izugarrizko protagonismoa lortu bazuen ere berehala, euskal testuinguru artistikoari egindako arreta mugatua izan zen; baina hamargarren urteurrenean, bi erakusketa aipagarri eskaini zizkion euskal arteari. Ezezagunak. Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak, Juan Luis Moraza komisario zela, 2007ko uztailean inauguratu zen; euskal artearen bilbean era guztietako artistak kokatzeko kartografia sistema konplexua proposatzen zuen, esparru ikerketaren proiektu inklusibo bat, eta baita eredu aipagarrien erakusketa bat ere. Oso bestelakoa izan zen beste erakusketa, Chacun à son goût, Rosa Martínez komisario zela; hiru astera baino ez zen inauguratu, eta hainbat esparrutako hamabi artistatan jarri zuen arreta, eta saiatu zen erakusten zein aberatsak eta anitzak ziren artistek baliatutako hizkuntzak, zer harreman zuen hizkuntza horrek testuinguru garaikidearekin, zerbaiten kide izatearen eta bazterketaren sentimenduak, eta modernotasunaren unibertsaltasunaren eta haren balioak zalantzan jartzearen arteko elkarrizketa, subjektibotasun berrien inguruan. Juan Pérez Agirregoikoa, Maider López edo Abigail Lazkozek, bakar batzuk aipatzearren, sendotu egin zuten beren ikusgaitasuna erakusketa horren bitartez.

Francisco Javier San Martín

10eko urteak

ETAren su-etenarekin abiatu zen hamarkada, 2011ko urrian, zeina presente egon den aldi honetako fase guztietan, intentsitate maila berarekin ez bada ere; azkenik 2018ko apirilean desegin zen behin betiko. Erakunde horren desagerpenak, maila handi batean, nolabaiteko salbuespen politikoaren eta bizikidetzari dagokionaren amaiera ekarri zuen, azken batean.

Diktaduraren amaieraz geroztik euskal artearen nortasun nabarmen batek horretan jarraitzea edo ondoren artistak tokikoaren eta globalaren arteko hibridazioen eremu politikoki jariakorrean txertatzea, hori guztia, gaur egungo artista gazteenei gutxi eragiten dien eztabaida dela dirudi, izan ere, naturaltasunez mugitzen dira bereizi gabeko testuinguruan, tradizio horren berezko osagaiak erabiliz, baina ez heredatutako zama baten moduan, eta baita besteren alderdiak erabiliz ere, baina ez helburu gisa. Bat-bateko informazioaren, informazio aldakor eta zaharraren mundu bat, eta artista gazte batzuk, gutxienez Erasmus egonaldi bat egin dutenak Europan. Beste alde batetik, nazioarteko artista ugari programatu izan dira, 90eko hamarkadaren hasieraz geroztik, euskal arte museo eta zentroen sarean, baina ez zuten korrespondentzia orekaturik eduki euskal artistek atzerrian. Azken urteetan, ordea, gero eta artista gehiagok apurtu dute muga hori eta erakutsi dituzte beren lanak mundu osoko azoka, biurteko eta galerietan. Programatu gabeko truke baten modura, aurreko hamarkada Europan edo Estatu Batuetan igaro zuten askok, Herrira itzuli dira; beste asko, aldiz, Erlea Maneros Zabala edo Javier Pérez esaterako, gure mugetatik kanpo kokatu dira, konektibitate eta presentzia birtualaren testuinguruan.

Gasteizek, hiriburu politikoa izanik, protagonismo artistiko txikiagoa du, nahiz eta Artiumen eta beste eremu alternatibo batzuetan jarduera handia egon. Antzeko zerbait gertatzen da Iruñean ere, erakunde sarearen aldetik bulkadarik egon bada ere. Azken urteetan, ia guztia Bilbon zentratu dela ematen du, erakargarritasun globaleko hiria izanik, oso modu nabarmenean dibertsifikatu baitu bere egitura kulturala. Oteizaren proiektuaren hondakinen gainean, Alhondiga zentro zibikoa inauguratu zen 2010. urtearen amaieran (handik gutxira Azkuna Zentroa izena hartuko zuena), arte garaikideari eskainitako gune batekin. Donostian, 2016an europar hiriburu kulturala izanik, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa zabaldu zen aurreko urtean: sorkuntzaren era guztietako esparruak –arte plastikoen inguruko jarduerak eta erakusketak barne– biltzen dituen ekipamendu handia.

Bigarren hamarkadaren une honetan, desagertu egin dira modernotasunaren ideiak eta ideia haiek bultzatzen zituzten komunitateak; are gehiago, gaur egungo artista gazte askok existitu zirenek ere ez dakite, eta komunitate espezifiko eta aldakorretan, unean uneko afektibitate eta interesetan, elkartzen dira. Artista gazteenek, Kepa Garraza, Elena Aitzkoa, June Crespo eta Lorea Alfarok esaterako, norberaren subjektibitateari buruz ikertzen dute, eta artistaren irudiari eta arteak aldaketa bizkorren munduan betetzen duen funtzioa aztertzen dute, herri kulturaren alderdi bereizi gabeak tradizio modernotik berreskuratutako erreferentziak bilduz.

Francisco Javier San Martín

MUSIKA EUSKAL HERRIAN 1968-2018

68aren ostean. Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian 1968-2018 erakusketa 33. aretoan osatzen da, Xabier Erkizia musikari, ekoizle, kazetari eta soinu-artista komisario duen erakusketagune honen bidez. Jatorrizko materialak daude bertan –diskoen karatulak, kartelak, soinu-grabazioak eta abar– eta Euskal Herrian azkenengo bost hamarkadetan egondako praktika musikal eta soinu-praktiken ikuspegi historikoa eskaintzen da.

Erakusketan album edota mini-album formatuan kaleratutako lanak daude, eta beren berritzeko gaitasunaren, musikalengoaiaz egiten duten erabileraren, ondorengo belaunaldietan izan duten eraginaren eta gizartean izandako eraginaren arabera aukeratu dira, besteak beste. Teknologien eta gure gertuko historian musika egiteko eta argitaratzeko erabilitako euskarrien kronologia dago ibilbidean, baita estetika bisualen eboluzioa eta horiek aurkeztu ziren testuinguruarekin zuten harremana ere. Bertaratzen direnek musikarekin zuzeneko esperientzia pertsonala izan dezakete gainera, hautatutako abesti eta konposizio-zati batzuk entzun ahal izango baitituzte.

Aretoak hezkuntzarako gune bat du eta hor antolatuko dira tailer soinudunak.

Xabier Erkizia

Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak kudeatutako gune hezitzailea
Tel. 94 439 61 41 (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara)
Laguntzailea: ERESBIL – Musikaren Euskal Artxiboa

 

AKTIBITATEAK

Bideo-zikloa. Denboraren artea

Guadalupe Echevarría izango da komisarioa, Espainian ikus-entzunezko praktikak aztertzen eta edatzen aitzindarietako bat. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren (ZINEBI) programazioaren parte den ziklo honetan, Euskal Herriko bideo-sorkuntzara gerturatzea proposatzen da, eta horretarako 1982 eta 2017 artean egindako 16 pieza hautatu dira eta hiru aiotan taldekatu kronologikoki. Lehenengoan 80ko hamarkada amaierako eta 90eko hamarkada hasierako euskal bideografiaren hasiera egongo da ikusgai; bigarrenean eta hirugarrenean, aldiz, sortzailerik gazteenen proposamen batzuk ikusi ahal izango dira, milurteko berrian egindakoak.

18.11.12 – Hasierako urteak

Lo ofrecido III
1984. 10’21’’ — José Luis Iglesias
Fernández-Berridi (Donostia, 1961-Madril, 1988)

Quai de Javel
1984. 10’19’’ — Iñigo Salaberria
(Donostia, 1961)

Mata a tu viejo
1985. 3’48’’ — Josu Zabala
(Otxandio, Bizkaia, 1949)

La familia del artista no le comprende
1986. 3’07’’ — Juan Crego
(Salamanca, 1962)

Spain Loves You
1988. 5’52’’ — Isabel Herguera
(Donostia, 1961)

Los demonios familiares
1990. 18’52’’ — Marcelo Expósito
(Puertollano, Ciudad Real, 1966)

18.11.13 – Bi milako urteak (I)

La lucha por la liberación del cuerpo de las mujeres
2007. 10’13’’ — Erreakzioa/Reacción: Estíbaliz Sádaba (Bilbo, 1963) eta Azucena Vieites (Hernani,
Gipuzkoa, 1967)

Red River/Río Tinto
2009. 19’17’’ — Marion Cruza (Bilbo, 1982) eta Nadia Barkate (Bilbo, 1980)

R5
2011. 6’12’’ — Usue Arrieta (Arrasate, Gipuzkoa, 1979) eta Vicente Vázquez (Tarragona, 1976)

Dialéctica de la Felicidad a comienzos del siglo XXI
2010-2012. 23’42’’ — Pablo Marte
(Cádiz, 1975)

Polder Cup
2011. 15’59’’ — Maider López
(Donostia, 1975)

18.11.14 – Bi milako urteak (II)

Rodar y rodear
2011-2012. 2’40’’ – Ainara Elgoibar
(Mungia, Bizkaia, 1975)

The News
2014. 19’ – Ainize Sarasola
(Orio, Gipuzkoa, 1984)

Materia oscura
2014-2015. 10’34’’ – Jorge Núñez de la Visitación
(Santurtzi, Bizkaia, 1983)

You are no better at swimming than you were at the beginning
2016. 5’15’’ – Daniel Llaría
(Logroño, 1985)

Tú, re-post
2017. 16’45’’ – Lorea Alfaro
(Lizarra, Nafarroa, 1982)
Jorge Oteiza Fundazio Museoaren lankidetzarekin ekoitzia

19.00etan, Auditoriumean
Tarifak: orokorra: 3,5 € saioko /
Museoaren Lagunek: 2 € saioko /
25 urtetik beherakoek: doan
Sarrerak eskuragai museoaren webgunean eta leihatilan 18.11.05etik aurrera
Babeslea: Zinebi

 

Museoko denbora desokupatzeko eta okupatzeko obra batzuk

Artisten eta arte-adituen arteko topaketak, sei obra oinarri hartuta. Horietako batzuk 68aren ostean erakusketakoak dira, eta beste batzuk erakusketaren denboraren zein kontzeptuaren sparrukoak edo museoaren bildumakoak. Topaketa bakoitzean hautatutako lanaz hitz egingo da, useoaren gertuko historiaz eta tokiko testuinguru artistikoaz. Bulegoa z/b, arte eta jakintza arloko bulegoaren lankidetzarekin antolatu dira; Beatriz Cavia, Miren Jaio eta Leire Vergara dira bertako ideak.

18.11.27 Malévich-i omenaldia (Jorge Oteiza, 1957)
EAE. Ekintza. Museoa (Txomin Badiola, 1983-2001)
María Luisa Fernández eta Beatriz Herráez

18.12.18 Pilgrimages for a New Economy
(Erlea Maneros Zabala, 2007-2012)
Erlea Maneros Zabala eta José Díaz Cuyás

19.01.22 Espazio publiko eta pribatuetan
txiza egitea (Itziar Okariz, 2000-2004)
Itziar Okariz eta Chus Martínez

19.02.19 Mallarmé revisé edo Malarmado
errebisatuta (Esther Ferrer, 1968)
Esther Ferrer eta Laurence Rassel

19.03.26 Risveglio (Nemesio Mogrobejo, 1903)
Mikel Eskauriaza eta Asier Mendizabal

19.04.09 Bilbao Song (Peter Friedl, 2010)
Leire Vergara eta Ismael Manterola

Astearteetan, 19:00etan, Auditoriumean edota erakusketa-aretoetan
Doako sarrera, edukiera mugatua. Gonbidapenak museoko leihatilan egongo dira eskuragarri, saio bakoitza egin aurreko astelehenetik aurrera
Ko-ekoizlea: Bulegoa z/b
Babeslea: Petronor

 

Kukai Dantza

18.11.20 Dantza garaikideko ikuskizuna Kukai Dantza konpainiarekin, Jon Maya dantzari eta koreografoak sortua 2001ean. Euskal dantza herrikoiak abiapuntutzat hartu, eta dantzariek museoaren eraikin modernoko agertokian zenbait koreografia eta inprobisazio garatuko dituzte, erakusketako artista plastikoen obrekin elkarrizketan.
19:00etan, Chillida Hallean edota erakusketa-aretoetan.

Tarifak: orokorra: 10 € / Museoaren Lagunek: 8 € / 25 urtetik beherakoek: doan
Babeslea: Petronor

 

Zinema-zikloa

19.01.11 – 04.28 José Julián Bakedano zinema-zuzendari eta gidoilariak egindako atzera-begirada euskal zinemaren bost hamarkadatan zehar egindako ibilbidea da. Ibilbide horretarako 30 lan aukeratu ditu, batez ere Euskadin ekoiztutako film uzeak dira, eta zinemagileen hiru belaunaldiren jardunaren emaitza da. Zikloa 1968an hasten da Ama Lur filmarekin eta Errementarirekin amaitzen da; hainbat genero daude, hasi dokumentaletik eta dramara arte, thrillerretik edo

komediatik igarota. Horri esker estiloak bereizi egin daitezke eta Euskal Herriko ekoizpen zinematografikoaren eboluzioa ikus daiteke.

Ama Lur / Tierra Madre
Néstor Basterretxea eta Fernando Larruquert, 1968
19.01.11, 17:30ean / 19.01.13, 19:30ean
Dokumental hau egiteko diru-bilketa egin zen eta “euskal zinema” esaten zaionaren sorrerako lana dela esaten da. Euskal erriaren irudi lirikoa erakusten du alderdi guztietan: etnikoan, historikoan, lurralde arlokoan eta artistikoan ere bai.

Film laburren zikloa: Anticine
Javier Aguirre, 1967-1970
19.01.11, 19:30ean / 19.01.13, 17:30ean
Estatuko zine esperimentaleko muturreko adibidea diren zintetan zinehizkuntzaren mugak ikertzen ditu Aguirrek.

La casa sin fronteras
Pedro Olea, 1972
19.01.20, 17:30ean eta 19:30ean
Batez ere Bilbon girotutako beldurrezko istorio kafkiarra. Gazte xalo bat Bizkaiko hiriburura iritsi da eta “La casa sin fronteras” elkarte sekretuak erakarri du. Baina espioi-sare batek hartu eta erakundeari aurre egitera behartuko du.

El espíritu de la colmena
Víctor Erice, 1973
19.01.25, 17:30ean / 19.01.27, 19:30ean
Víctor Ericeren lehenengo film luzea, Donostiako Urrezko Maskorra irabazi zuena. Gerra osteko kontakizuna, heldu talde aten frustrazioa eta batetik bestera dabilen zinema-areto batean ikusitako Frankenstein munstroarekin amets egiten duten bi neskatoren istorioa kontatzen da.

Axut
Jose Mari Zabala, 1976
19.01.25, 19:30ean / 19.01.27, 17:30ean
Jose Mari Zabala artista esperimentalaren zeluloidezko lehen filma. Tradizioa eta modernitatea nahasten dituen konografiatik abiatuta (fraideak, sorginak, exekutiboak, artzainak, karlistak, lapurrak, soldaduak, ipotxak…) eta musika eta soinuz osatutako soinubanda edukita, Zabalak “zirku metafisiko” bat konposatzen du, eta horrek erreferentzia egiten die euskal errealitatearen zenbait alderdiri, modu poetiko eta umoristikoan.

Ostiral eta igandeetan, 17:30ean eta 19:30ean, Auditoriumean
Doako sarrera, plaza guztiak bete arte
Proiekzioko egunean bertan hartu ahal izango dira sarrerak museoko leihatilan
Programa osoa museoaren webgunean kontsultatu ahal izango da 18.12.10etik aurrera

 

Hezkuntza programa

Ikustaldi gidatuak eta soinu-tailerra

DBH, LH eta Batxilergoko ikasleentzat, trebakuntza programetako helduentzat eta interes kulturaleko taldeentzat. Ibilbidea osatzeko, soinu-musika tailerra egin daiteke, eta tailer horretan entzute aktiboak eta partekatuak azkenaldiko euskal musikaren historiara gerturatuko ditu partaideak.

Tarifa: 1 € pertsonako
Informazioa eta erreserbak
Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saila
Tel. 94 439 61 41 (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara)
Babeslea: BBK

 

Ikustaldi gidatuak behar bereziak dituzten ikusleentzat

Museoko hezkuntza-langileekin egiten den ibilbidea; azalpenak ematen dituzte partaideen beharretara egokituz.

Tarifa: 1 € pertsonako
Informazioa eta erreserbak
Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saila
Tel. 94 439 61 41 (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara)
Patrocina: Fundación Iberdrola España