Gaurko jardunaldian, sektore publiko eta pribatuko bost aditu elkartu dira Bilbon, Deustuko Unibertsitatean, ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako mugikortasun ereduak dituzten hirien eraikuntzarako giltzarrizko alderdiak aztertzeko, betiere biztanleen segurtasuna eta ongizatea bermatuz eta hiriaren garapen ekonomikoa bultzatuz.
Hartara, topaketak honako partaide hauek izan ditu: Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzia; Jordi Hereu, Bartzelonako alkate ohia eta Idencityko presidentea; Antonio Masegosa, DeustoTech Mobilityren arduraduna; Aitor Arzuaga, IBILeko zuzendari nagusia, eta Jon Larrañaga, Tecnaliaren Automobilgintza Arloko Negozio zuzendaria. Haien agerraldietan, mugikortasun eredu desberdinak ezartzeak dakartzan aukerak eta erronkak izan dituzte hizpide.
Elías Unzueta Petronor Innovacionen Zuzendaria arduratu da eztabaida moderatzeaz, eta gaurko solasaldia, klima-aldaketak nahiz baliabideen agortzeak dakartzaten erronkei egokitu eta aurrea hartzeko hiriek duten premiaren egungo testuinguruan kokatu du. Horren harira, hiri-mugikortasun iraunkorra da hiri iraunkorrak, osasungarriagoak eta seguruagoak eraikitzea ahalbidetuko duen giltzarrizko ardatza.
Jardunaldiko lehenengo agerraldian, Jordi Hereuk urbanizazioari atxikitako iraultza nabarmendu du: “Hiria garapen eta aberastasunaren sortzailea da, baita klima-aldaketari atxikitako efektuen eragilea ere”. Horren harira, hiri-mugikortasunaren garrantzia azpimarratu du konponbidearen eragile gisa, eta aldaketa honetan gizarte osoa inplikatu behar dela esan du.
Jarraian, Aitor Arzuagak, elektrifikazioak datozen urteotan hiri-mugikortasunaren arloan izango duen protagonismoa aldarrikatu du. Haren esanetan, “erakundeen eginkizuna funtsezkoa izango da azpiegiturak hedatzeko, eta hiri-birkarga giltzarrizkoa izango da mugikortasunerako sarbidea demokratizatu ahal izateko”.
Bestetik, Antonio Masegosak adierazi du, “aldaketa honetarako, segurtasuna, eraginkortasuna eta iraunkortasuna hobetuko dituzten sistema adimendunak beharko direla”. Sistema horien artean nabarmendu ditu adimen artifiziala, big data eta gauzen Interneta (IoT), ohiko mugikortasun ereduak aldarazteko duten gaitasunagatik.
Jon Larrañagak, eguneko laugarren hitzaldian, beharrezkotzat jo du automobilgintzarako “ibilgailu konektatua, elektrikoa, autonomoa eta partekatua” lortzea, baita mugikortasun-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa teknologikoen aldeko trantsizioa egitea ere. Larrañagak oso argi esan du: “Garrantzi handi-handikoa da euskal automobilgintza sektoreak aldaketa honetan duen aukera ez galtzea”.
Azkenik, Alfonso Gil arduratu da jardunaldiari amaiera emateaz. Jendaurreko agerraldian, zinegotziak etorkizuna interpretatzeko premia nabarmendu du erantzunak aurkitu ahal izateko: “Ziurtasunak bilatu behar ditugu hainbat zalantzaren aurrean, eta horretarako nahitaezkoa izango da lankidetza publiko-pribatua”.