Sinaketa, aste honetan Gasteizen egingo den Tratu Berdintasunari eta Diskriminaziorik Ezari buruzko I. Euskal Kongresuaren aurreko jardueren barruan gauzatu zen. Testuinguru honetan, Jaione Porras Uralde Petronorreko Lan-Harremanen eta Pertsonen Administrazioaren buruak ezagutzera eman zituen, lana eta familia uztartzeko neurriak gizonek nahiz emakumeek aintzat har ditzaten, findegian garatzen ari diren ekimenak.
Ekitaldian, Jaionek adierazi zuen aniztasunaren kudeaketa inbertsio errentagarria dela Petronorrentzat: “prozesu geldoa da, edozein kultura-aldaketa bezalakoxea, baina hala eta guztiz ere, pentsamolde aldaketa sumatzen hasiak gara belaunaldi berrietan. Petronorreko langileen batez besteko adina 42 urtekoa da, eta duela bi urtez geroztik, lana eta familia uztartzeko neurri eta baimenen eskaera-kopurua asko ugaritu da gizonen artean”. Gainera, haren hitzetan, “aniztasunaren kudeaketa berdintasunaren kudeaketatik harantzagokoa da, dauden desberdintasunen onarpenetik abiatzen baita erakundearen barruan balioa sortzearren”. Horrekin batera, “aurten sinatutako enpresa hitzarmenean, ohiko neurriekin batera, mendekotasuna duten pertsonak edo adinekoak zaintzeko lizentzia berriak” sartu direla eta “aniztasunaren beste esparru batzuetan lanean jarraitu behar dela” nabarmendu du.