Zikloa urtarrilaren 11n hasiko da, 17:30etan, 1968era eramango gaituen Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten “Ama Lur” filmarekin, eta Paul Urkijoren “Errementari” filmarekin amaituko da.
“Ama Lur” herri harpidetzaz landutako dokumentala da, “euskal zinemaren” hasierako ekoizpentzat jotzen dena. Euskal Herriaren errekreazio lirikoa aurkezten du alderdi guztietan: etnikoa, historikoa, lurraldeari buruzkoa, baita artistikoa ere. Donostiako Zinemaldian estreinatu zen 1968ko irailean. Diktaduraren garaian filmatutako dokumental honek lurralde guztietako euskaldunak barne hartzen ditu, herri harpidetzaz ekoiztuta dago eta “euskaraz” mintzatzen zen, honen kariaz Erregimenaren zentsura pairatu zuelarik.
Bakedano zinema-zuzendari eta gidoilari bizkaitarra Arte Ederren Museoko Jarduera eta Zinemateka sailaren arduraduna da –egun, Azkuna Zentroan kokatutakoa–, eta hark osatutako hautaketak era askotako generoak bildu ditu, dokumentaletik dramaraino, thrillerra eta komedia ere barne hartuz. Estiloen bereizketa honek zinemagintzak Euskal Herrian izan duen bilakaera bistaratzeko aukera eskainiko du.