Petronorren babespeko ‘68aren ostean’ erakusketaren baitan, euskal zinemaren bost hamarkada gainbegiratzeko zikloak Pedro Olearen ‘La casa sin fronteras’ eskainiko du urtarrilaren 20an Bilboko Arte Ederretako Museoaren auditorioan.
Bi emanaldi izango dira, 17:30 eta 19:30etan, eta bigarrenean zuzendariak berak parte hartuko du, amaierako solasaldi eta guzti.
‘La casa sin fronteras’ 1972ko ekoizpena da, 92 minutukoa, eta urte hartan Berlingo Zinema Jaialdian parte hartu zuen, atal ofizialean. Geraldine Chaplin eta Tony Isbert dira protagonistak; eta musika, Carmelo Bernaolarena da. Daniel da istorioaren ardatz nagusia. Bilbora doa lan bila eta han agure batek enkargu bitxi bat egiten dio: Laura aurkitu behar du, ‘La casa sin fronteras’ izeneko erakunde batek bahitutako neska. Intrigazko filme beltza da.