Mahaiak gogorarazi nahi izan du usain txar horiek ez zituztela gainditu erreferentziazko alerta-balioak eta larrialdi-balioak, baina kezka handia eragin zutela instalaziotik hurbil dauden herrietako biztanleengan. Petronorrek egindako jarduera arruntaren jarraipenari dagokionez, Mahaiak jakinarazi du 2018an ez dela ez-betetzerik gertatu airearen kalitatearen ikuspuntutik.
Ohiko jarraipenaz gainera, Ingurumen Arloak bi neurketa-kanpaina egin zituen iaz unitate mugikorrekin, Osasun Publikoaren Arloarekin koordinatuta. Ildo horretan, adierazi beharra dago Muskizen, San Julianen, Abanton eta Las Carrerasen emisioak kontrolatzeko instalatutako lau kontrol-kabinak homogeneatu egin direla eta neurketa-parametroak gehitu.
Bestalde, azken urtean enpresaren Ingurumen-Baimen Bateratua berrikusi da eta eskuragarri dauden hobekuntza teknikoetara egokitu. Ondorioz, mugako emisio-balio murriztaileagoak finkatu dira, hileko mugako emisio-balioez gain ordukoak, egunekoak edo 48 ordukoak ezarri dira, eta hidrokarburo likido lurrunkorren zamalanetan konposatu organiko lurrunkorren emisioak murrizteko beste neurri batzuk hartu, % 95eko berreskuratze-tasa lortzeko helburuaz.
Erakunde Arteko Mahaiko kide guztiak izan dira bileran. Alegia, Eusko Jaurlaritzako arloak (Ingurumena, Larrialdietako Arreta, Osasun Publikoa, Garapen Ekonomikoa eta Energia) eta Muskiz zein Abanto-Zierbenako Udalak.