‘Handia’ da euskal zinemaren azken urteotan arrakastarik borobilena, eta ‘Errementari’k ere oihartzun dezente lortu du. Bi film horiekin amaituko da Petronorren babespeko ‘68aren ostean’ erakusketa dela-eta Bilboko Arte Ederretako Museoaren auditorioan egiten ari den euskal zinemaren bost hamarkadari buruzko atzera begirakoa. ‘Handia’ (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 2017) 17:30etan eskainiko da 26an, eta 19:30etan 28an; eta ‘Errementari’ (Paul Urkijo, 2017), 19:45etan 26an eta 17:30etan 28an.
Joseba Usabiaga eta Eneko Sagardoi dira leheneko protagonistak: lehen gerra karlistan parte hartu ondoren, Martin Gipuzkoako bere familiaren baserrira itzultzen da eta han jabetuko da, ezustean, Joaquín anai txikia ohi baino askoz altuagoa dela. 10 Goya sari jaso zituen, eta Epaimahaiaren Sari Berezia Donostiako Zinemaldian.
‘Errementari’ garai berean kokatzen da. Hamar urte joan dira lehen gerra karlistatik eta Arabako herri txiki batean Alfredo izeneko komisario batek gertakizun bat ikertzen du. Zeregin horrek baso sakoneko errementeria ilun batera darama, Patxi izeneko errementari arriskutsu eta bakartia bizi den lekura. Kandido Uranga eta Eneko Sagardoi dira protagonistak.