Petronorrek babestutako ‘68aren ostean’ erakusketa dela-eta Bilboko Arte Ederretako Museoko auditorioan egiten ari den euskal zinemaren bost hamarkadari buruzko atzera begirakoa azken txanpan dago jada, hilarekin amaituko baita. Honakoan ‘Lasa y Zabala’ (Pablo Malo, 2014), ‘Amama’ (Asier Altuna, 2015) eta ‘Cien años de perdón’ (Daniel Calparsoro, 2016) jarriko ditu ikusgai. Lehena, 18an 17:30etan eta 19an 19:30etan; bigarrena, 18an 19:45etan eta 19an 17:30etan; eta hirugarrena, 21ean 17:30etan eta 19:30etan.
Unax Ugalde da aktore nagusia ‘Lasa y Zabala’ luzemetraian. 1983ko urrian Lasa eta Zabala ETAko kideak Baionan desagertarazi zituzten. Hamabi urte beranduago agertu ziren euren gorpuak, GALek torturatuak eta kare bizian lurperatuak. ‘Amama’, aldiz, familiako istorioa da. Hiri eta nekazal giroaren arteko gatazka islatzen du, iraganaren eta orainaren artekoa, guraso eta seme-alaben artekoa. Existentzia ulertzeko bi modu kontrajarri, eta mundua isiltasunik adierazgarrienetik ikusten duen amama.
‘Cien años de perdón’, azkenik, thrillerra da. Goiz eguzkitsu batean, sei gizon mozorrotu eta armatu Valentziako banku batean lapurreta egitera doaz. Lapurreta garbi eta erraza ematen zuena nahastu egingo da eta ezer ez da aterako aurreikusi bezala.