Petronorrera doazen kamioiek ez dute Las Carrerasen (Abanto-Zierbena) erdigunetik igaro beharrik izango, findegiaren inguruan dagoen eta A-8rekin zuzenean lotzen duen BI-3794 errepidea berritu ondoren.
Foru Aldundiak abiarazitako lanak urriaren lehenengo astean hasi ziren eta 630.000 euroko inbertsioa egin ondoren amaitu berri dira. Jarduketa nagusia BI-3794 errepidearen 2,4 kilometroko zati bat berreskuratzea izan da, Muskizko findegia A-8ko zubiarekin lotzen duena, eta kamioiek Ugaldebietako geltokiaren inguruan autobia utzi eta Las Carreras herrigunea zeharkatu behar izatea saihesten duena.
Las Carreraseko erdigunea (634 nazionala) zeharkatzen duen errepidetik 15.000 ibilgailu igarotzen dira egunero, eta horietatik %8,1 ibilgailu astunak ziren. Horietako asko Petronorrera zihoazen. Obra horiei esker, Las Carreras erdiguneko trafiko arazoak arinduko dira.