Repsolek emaitzak doitu ditu, 2050ean zero isurpen garbiak dituen konpainia izateko

Repsol estrategia egokitzen ari da, 2050ean zero isurpen garbiak izateko eta asmo handiko helburu hori lortzen duen sektoreko lehen konpainia bihurtzeko. Konpainiak aintzakotzat hartu ditu petrolioaren nahiz gasaren prezioei dagozkien agertoki berriak, Parisko Akordioan adostutako klimari buruzko helburuen harira. Horrek 4.849 milioi euroko doikuntza ekarri dio Taldearen aktiboen kontabilitate-balioari eta eragin zuzena izan du 2019ko emaitza garbian, -3.816 milioi eurokoa izan baita.

Konpainiaren negozioen bilakaera neurtzen duen doitutako emaitza garbia 2.042 milioi eurokoa izan da, eta horrek, petrolio gordinaren zein gasaren prezioek eta industria-marjinek beheranzko joera duten testuinguruan ere, enpresaren sendotasuna frogatu du.

Kutxa-fluxu operatiboak erritmo positiboa izan du urte osoan, eta 5.837 milioi eurokoa izan da, aurreko ekitaldikoa baino % 8 handiagoa, konpainiak aurkako baldintzei aurre eginez arrakastaz gauzatu duen estrategiaren ondorioz.

Eskudiruaren sorkuntza sendoari esker, Repsolek aurrera egin ahal izango du klima-aldaketaren aurka hartu duen konpromiso aktiboan, eta aldi berean, bere horretan mantendu ahal izango du ordainsari-politika, Ibexen nahiz sektore osoan dauden erakargarrienetakoa, izan ere, 2020an hobekuntza gehigarria egitea proposatuko dio Akziodunen Batzar Nagusiari, konpainiaren kapital sozialaren % 5en amortizazioaren bitartez.

Downstream arloko emaitza 1.456 milioi eurokoa izan da, eta berrikuntza, nazioartekotzea eta isurpenen murrizketa ardatz izan dituen urte honek gertaera aipagarriak ere ekarri ditu; hala nola, energia berriztagarrien arloko lau proiektu berri edota elektrizitate eta gas arloan milioi bat bezero baino gehiago lortu izana.

Upstream arloan, emaitza 1.050 milioi eurokoa izan da, eta ekoizpena eguneko 709.000 upelen baliokidea, balioaren sorkuntzari lehentasuna ematearen aldeko ikuspegi estrategikoarekin lerrokatuta.