ETEak GIHekin (Garapen Iraunkorreko Helburuak) bat datozen gizarte-erantzukizunezko enpresa bihurtzeko erabakitze-prozesuak eta kudeaketa-sistemak ezagutzera ematea zen jardunaldiaren helburua, garapen iraunkorraren aldeko eskaria nagusi den ingurunera egokitu eta errentagarritasun ekonomikoa hobetzeko gai izan daitezen.
Testuinguru horretan, Gonzalez de Audikanak adierazi zuen “Hornitzaileen Trakzio Planak 2015ean abiarazi eta berezko lekua izan duela beti Petronorrek garapen iraunkorraren alde egin dituen ekintzetan, Petronorren Iraunkortasun Planari atxikita, eta inpaktu zuzena izan duela Nazio Batuen 17 GIHetako hirutan: 8a, lanari eta hazkunde ekonomikoari buruzkoa; 9a, industria, berrikuntza eta azpiegiturari buruzkoa, eta 17a, helburuak lortzeko aliantzei buruzkoa”.
Gainera, Petronorren Ingeniaritza arloko gerenteak argi utzi zuen zeintzuk diren “Hornitzaileen Trakzio Planaren helburu nagusiak: material eta zerbitzuen enpresa hornitzaileen zein Petronorren lehiakortasuna areagotzea; gure instalazioen segurtasuna, fidagarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzea, eta gizartearen eskaerei erantzutea tokiko ingurunean”.
Plana Mondragon Unibertsitatearen lankidetzaz diseinatu zen eta bi jarduera-ildo nagusi ditu: bata hornitzaile “estrategikoei” zuzendutakoa (kontratu ireki indartsuak dituzten zerbitzuen hornitzaileak, batez ere mantentze-lanetakoak), eta bestea ekipo eta sistemen hornitzaileei zuzendutakoa. Azken honetan, Petronorrek produktu eta sistema berrien probak egiteko ingurunea eskaintzen du, bi aldeen beharrak estaliz.
Agerraldian, Koldo Gonzalez de Audikanak ezagutzera eman zituen bi jarduera-ildoetan erabilitako kontzeptuak. Lehenengoak mantentze-lanen optimizaziorako plan bat ekarri zuen, “garrantzi handiko” aldaketak tarteko, eta bigarrenean probak eta lankidetzak egin ziren findegian bertan tokiko hornitzaileekin, hala nola Egamaster, Tecnalia eta Tekniker. “Ildo honen zati handi bat Petronor Innovacionek lideratzen du duela hiruzpalau urtez geroztik”, gaineratu zuen.