Juan Mari Aburto Bilboko alkateak “Superhiriak eta energia” izenburuko mahai-inguruan parte hartu eta Bilboko Udalak hiriaren ingurumen-kalitatea hobetzeko hartutako konpromisoaren bide hirukoitza nabarmendu du: energia gutxiago gastatzea, isurpenak murrizten dituzten teknologien alde egitea eta teknologia berritzaileak probatzeko hiri-laborategiak sortzea.
Topaketaren itxieran, Antonio Brufau Repsoleko presidenteak ezinbestekotzat jo du hiri adimendunaren kontzeptuak iraunkortasuna modu zabalean eta zeharkakotasunez barne hartzea. “Hiri-mugikortasunarekin batera, goitik behera birpentsatu behar ditugu etxebizitzen birgaitzea, irisgarritasuna, portuak eta aireportuak, berdeguneak, ekonomia zirkularra eta huben bidezko interkonektibitatea”, adierazi du.
Haren hitzetan, hiriak modernizatu eta smart cities deritzonak sortzeko, hiru agenda nagusi integratu behar dira: agenda berdea adiera zabalean, agenda digitala eta trantsizio energetikoa. Horren harira, Brufauk argi utzi du, “horri guztiari aurre egiteko, gure industriaren eta azpiegituren indarguneetan oinarritu behar dugula abiapuntu gisa, neutraltasun teknologikoaren alde apustu eginez, izan ere, nahitaezko baldintza da ingurumenaren, gizartearen nahiz ekonomiaren ikuspegitik inklusiboak eta iraunkorrak diren hiriak eraikitzeko”.
Jardunaldi hau Repsol Fundazioak energiaren etorkizuneko erronkei buruzko ezagutza eta eztabaida zorrotza bultzatzeko sustatu duen hitzaldi-zikloaren barruan antolatu da. Hainbat formaturen bitartez, trantsizio energetikorako garrantzitsuak diren eragileen arteko eztabaida eta ikuspuntuen trukea sustatu da, energiaren eta iraunkortasunaren inguruko erronkei zorroztasunez heldu ahal izateko.