-Hidrogenoaren Euskal Korridorea osatzeko 1300 milioi euroko inbertsioa egingo da 2026ra arte, eta zuzeneko 1.340 lanpostu eta zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sorraraziko ditu.
-Urtean 20.000 tona hidrogeno ekoitziko dira, 1,5 milioi tona CO2 baino gehiago isurtzea saihestuz.
-Nabarmentzekoak dira 650 milioiko inbertsioa hidrogeno berdea ekoizteko, 250 milioiko inbertsioa balio-kate osoaren garapen teknologiko eta industriala eta digitalizazioa bultzatzeko, eta 50 milioiko inbertsioa mugikortasun, bizitegi eta industria sektoreei zuzendutako hidrogenoaren aplikazioak ikertzeko.
Hidrogenoa dugu protagonista Euskadik neutraltasun klimatikorako trantsizioan egin beharreko bidean. BH2C deritzon Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Proiektua eredu energetiko eta ekonomikoa aldatzen eta energia, mugikortasuna, industria eta zerbitzuak eta bestelako sektore estrategikoen deskarbonizazioan aurrera egiten lagunduko duen ekimena da. Industriaren aldeko apustu hau Euskadin sortu da Petronor-Repsolen eskutik, beste lurralde batzuetako erakundeak gehitu zaizkiolarik, eta ekonomiaren susperraldia ekarriko du, hidrogenoaren ekonomiako kate tekno-industrialaren garapenaren bitartez.
Proiektua aurrera ateratzeko 1.300 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da 2026ra arte, eta zuzeneko 1.340 lanpostu nahiz zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sorraraziko ditu.
Hidrogenoaren Euskal Korridorearen jatorritzat jo behar da Repsolek Euskadin trantsizio energetikoan aurrera egiten lagun dezaketen proiektuetan inbertitzearen alde hartutako erabaki estrategikoa, 2050ean zero isurpen garbi duen konpainia bihurtzeko asmoz. Gainera, Petronorrek Euskadi hidrogenoaren Hub bihurtzearen aldeko apustua egin du, ekonomia produktibo berderantz biratuz, behin-betiko.
Hartara, gaur, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen partzuergoa eratu da, 78 entitateren parte-hartzeari esker: 8 erakunde, 12 ezagutza-zentro eta enpresa-elkarte, eta 58 enpresa. Proiektuaren oinarrian dagoen estrategia integralak balio-kate osoari dagozkion 34 proiektu bildu ditu, produkzio-sarea eraldatzen eta industriak gure ekonomian duen pisuari eusten laguntzeko asmoz. Horien artean, nabarmentzekoak dira hidrogenoaren ekonomiaren “bihotzarekin” zerikusia duten proiektuak, hala nola, elektrolizagailuak ekoizteko lantegi baten instalazioa, erregai-pilaren garapena, hidrogetegiaren garapena (hidrogeno-hornitegia), edota hidrogeno bidezko autobusaren eta trenaren garapena, mugikortasunaren arloko aplikazioei dagokienez. Ekimena osatzen duten proiektuak honela taldekatzen dira:
- Hidrogeno berriztagarriaren eta erregai sintetikoen ekoizpena.
- Banaketaren arloko mugikortasuna eta logistika.
- Industriaren deskarbonizazioa.
- Hiri eta bizitegi-erabilerak
- Azpiegitura.
- Garapen teknologiko industriala
Hidrogenoaren Euskal korridoreari buruz
Gaur eratu den Hidrogenoaren Euskal Korridorea bi fasetan garatuko da; horietako lehena abian da eta 2026an amaituko da. Aurreikusitako inbertsioa 1.300 milioi eurokoa da, eta horren bitartez, urtean 20.000 tona hidrogeno berriztagarri ekoitziko dira, 1,5 milioi tona CO2 isurtzea saihestuz.
Hasierako urte hauetan, inbertsioaren helburua hidrogeno berriztagarriaren ekoizpena, azpiegiturak eta Hidrogenoaren Euskal korridorea hedatzeko behar diren aplikazioak garatzea izango da.
Alde batetik, nabarmentzekoa da, hidrogeno berdearen ekoizpenean, 11 MWeko gaitasun instalatua lortzeko egingo den 650 milioi euroko inbertsioa, hiru instalazioren eraikuntzaren bidez. Horietako lehena, Petronorrekoa, 2022an jarriko da abian eta Abantoko Teknologia Parkea hornituko du, 2 MWeko potentziari esker. Bigarren instalazioa (Petronor, EVE eta Enagasena) Bilboko Portuan abiaraziko da 2024an, 10 MW izango ditu, eta bere ekoizpena erregai sintetikoak ekoizteko lantegia hornitzeko erabiliko da. Hirugarren instalazioa 2025erako abiaraziko da, 100 MW izango ditu, eta Petronorren ekoizpen-prozesua deskarbonizatzeko nahiz Korridorearen horniketa-beharrak estaltzeko erabiliko da.
Gainera, hiri-hondakin solidoetatik abiatuta hidrogenoa ekoitziko duen biogasa fabrikatzeko instalazioa sortuko da.
Era berean, 250 milioi euro beharko dira balio-kate osoko garapen teknologiko eta industrialaren beharrezko heldutasuna lortzeko eta makroproiektuaren arrakasta bermatzeko ezinbestekoak diren digitalizazio-prozesu industrialak garatzeko.
Horrez gain, 50 milioi euro bideratuko dira hidrogenoaren aplikazioekin lotutako mugikortasunaren arloko ikerketa-proiektuetara: bidaiarien garraioa, merkantzien ibilbide luzeko garraioa (trenez, hegazkinez zein itsasontziz); bizitegi-sektorea: merkataritza zein bizitegi erabileretarako eraikinen beharrak asetzeko beroaren sorkuntza eta kogenerazioa; eta deskarbonizazio zaileko industria.
Laburbilduz, lehen etapa honetan, hidrogenoaren ekonomiaren oinarriak finkatu, eta horren garapena erraztuko duten mekanismo teknologiko-industrialak ezarriko dira, eta honi esker, energia-sektorea deskarbonizatzeko helburua lortu eta balioaren sorrera sustatuko da industria-sektorean.
Euskadi: Hidrogenoaren Huba
Euskal industria-sareak dituen konpainia garrantzitsuen karbono-aztarna nabarmen murriz daiteke hidrogenoaren sarrerarekin, eta hau giltzarrizko faktoreetako bat da Euskadi hidrogenoaren ekonomia garatzeko leku pribilegiatua bihur dadin. Horren harira, lurraldeak hidrogenoaren arloko nazioarteko erreferente bihurtzeko baldintza guztiak betetzen ditu.
Euskadik beharrezko osagai guztiak ditu hidrogenoaren inguruko ekosistema bat garatzeko. Alde batetik, LNGaren arloan trebatutako Bilboko Portua du, eta, bestetik, Petronorren findegia, hidrogenoaren sortzaile eta kontsumitzailea izango dena. Gainera, hidrogenoa garraiatzeko behar den gasbide-sareaz hornituta dago, eta kokapen ezinhobea du merkantzien ibilbide luzeko garraioa egiteko.
Euskadin industriaren pisua BPGaren % 25ekoa dela kontuan harturik, hidrogenoaren ekosistema bat sortzeak aukera estrategikoa eskainiko du hazkunde ekonomikoa industria deskarbonizatuan oinarritu ahal izateko, eta hau garrantzi handikoa da egungo testuinguruan, pandemiak jardueran eragin duen jaitsieraren aurrean.