Zudairek moderatu du gaur Bilboko Ganberak antolatutako Ekonomia Zirkularrari buruzko jardunaldia. Energiaren kontsumoak izugarri gora egin duen egungo gizarte globalean, behar-beharrezkoa da bilakaera kulturala sustatzea, indarrean dagoen ekoiztu, kontsumitu eta botatzeko ekonomia-eredu linealaren ordez, ekonomia-eredu zirkular berri bat ezarri ahal izateko, betiere egungo zenbait material eta produktu partekatu, alokatu, berrerabili, konpondu, berritu eta birziklatzearen alde eginez, ahal den guztietan, balio erantsia sortzeko asmoz.
Jardunaldian, modu presentzialean parte hartu dute Arantza Acha Unescoetxeko zuzendariak, Irati Cifuentes Mugarik Gabeko Ekonomialariak erakundekoak eta José María Fernández IHOBEko Ekonomia Zirkularreko zuzendariak, eta Basque Circular Hub-ari dagozkion ikuspuntuak partekatu dituzte produkzio eta kontsumo arduratsuari buruz, ekonomia zirkularreko ekintzailetzari buruz eta administrazio publikoaren erantzunari buruz.
Horrez gain, ekonomia zirkularrean izandako arrakasta-kasuak aurkeztu dituzte online Blanca Vega de Seoane Emauseko Berrikuntza arloko zuzendariak, esperientzia praktikoen gaineko aliantzak aztertuz; Carlos Garcia Waste Warrior enpresakoak, elikagaiak alferrik galtzearen aurkako app bat aurkeztuz, eta Guillermo Barredo Bromalgae enpresakoak, gasak ezabatu eta algen ekoizpenean erabiltzeari buruzko proiektua ezagutzera emanez.