Zudairek azaldu zuenez, Petronor-Repsol eraldaketa-prozesuan murgilduta dago konpainiak deskarbonizazioa bultzatzearen alde hartu duen konpromiso eta erronkaren harira, 2050ean CO2 isurpenak egiteari uzteko asmoz. Ildo horretan, enpresak bioerregaietan oinarrituta abiarazi duen proiektua aurkeztu zuen, izan ere, ekonomia zirkularra garatzea ekarriko du, hau da, hondakinetatik energia sortzeko aukera. Hartara, Petronor-Repsolek lankidetzan jardun lezake Kantabriako Gobernuarekin, honek hondakinen tratamendurako erabiltzen duen sistemak alternatiba energetiko horretarako eboluzioa egin dezan.
Bileran, hidrogenoari buruz ere hitz egin zuten. Jose Ignacio Zudairek, ‘Hidrogenoaren Euskal Korridorea’ proiektuaren koordinatzailea den aldetik, orain arte bildutako esperientziaren berri eman eta, hidrogenotik abiatuta, Petronor erregai sintetikoak ekoizteko lan egiten ari dela adierazi zuen. Erregai horiek gasolioaren eta gasolinaren ezaugarri berberak dituzte, baina hidrogeno berriztagarritik eta CO2tik abiatuta fabrikatzen da, erregai fosilik erabili gabe.
Bileran aztertu zuten hirugarren gaia elektrizitatearen sorkuntza banatua izan zen. Zudairek aurkeztu zituen elektrizitatearen sorkuntza banaturako ereduak zailtasunik gabe molda litezke Kantabriako herri txikietan sortuko liratekeen energia-komunitateetara. Kontseilariek bilerak egiten jarraitzea erabaki zuten, eskualdeko zenbait lekutara aplika litezkeen eredu-mota horietan aurrera egiteko.
Kontseilariekin eta Zudairerekin batera, bileran parte hartu zuten Petronor-Repsoleko zuzendaritzako kide diren Manuel Nuñezek, Matilde Garcia Echevarriak eta Carlos Pascualek; Industria, Energia eta Meatzaritzako zuzendari nagusi Daniel Alvearrek; Biodibertsitate, Ingurumen eta Klima-Aldaketako zuzendari nagusi Antonio Luciok eta MAREko zuzendari Jose María Diazek.