Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak eta Javier Sánchez-Prieto Iberiako presidenteak izenpetu dute akordioa, eta honen arabera, asmo handiko programak eta baterako jarduerak garatuko dituzte hiru arlo hauetan: hegaldiko konbustioan eragindako karbono-aztarna murrizteko gai diren hegazkinetarako jatorri iraunkorreko erregaien ikerketa eta ekoizpena; Iberiaren lurreko ibilgailuen flota deskarbonizatzen lagunduko duten elektrizitate eta hidrogeno berriztagarrien ekoizpen eta hornikuntzarako prozesuak garatzea; eta Iberiako instalazioen energia-kudeaketarako sistema aurreratuak (Energy Management System) eta adimen artifiziala ezartzea, baita autokontsumorako instalazioak ere.
Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak adierazi duenez, “gure konpainiarentzat estrategikoa den Iberiaren kategoriako bazkide batekin lankidetza-hitzarmen hau abian jartzea beste aurrerapauso bat da konpainiaren Plan Estrategikoaren barruan, eta honi esker, aurrera egin ahal izango dugu 2050ean zero isurpen duen konpainia bihurtzeko helburuari begira. Repsolek hegazkingintzaren sektoreari erantzun globala emateko gaitasuna du, izan ere, sektore horrek soluzio multienergetikoa behar du energia-eskaera asetzeko, lurrean nahiz airean, elektrifikazioak zailtasunak baititu batean zein bestean”.
Javier Sánchez-Prieto Iberiako presidentearen esanetan, “Repsolekin sinatutako akordio hau guztiz estrategikoa da Iberiak iraunkortasunaren alde hartutako konpromisoan aurrera egin ahal izateko. Egun darabilgun iraunkortasunaren aldeko estrategiak, oroz gain, eragiketetan ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzea du oinarri, bezeroei gero eta bidaia-esperientzia iraunkorragoa eskaintzeko asmoz”.
Repsolek hainbat urte daramatza murgilduta konpainiaren negozioak eraldatu eta dibertsifikatzeko prozesuan, trantsizio energetikoa lideratzeko asmoz, eta 2050ean zero isurpen garbi izateko helburua ezarri duen lehen konpainia izan da sektorean. 2020an, espainiar merkatuko lehen bi biojet-sortak ekoitzi zituen, hegazkingintzarako karbono-aztarna txikiko erregaien ekoizpenean aurrera eginez. Horrez gain, hornidura multienergetikoa lideratzen du Estatuan, eraginkortasuna hobetzen duten soluzioak emanez eta isurpen gutxiko energien pisua areagotuz.
Iberia partaide duen IAG taldea da 2050ean zero isurpena garbi lortzeko konpromisoa hartu duen lehenengoa, eta 2030ean, gutxienez hegaldien % 10 jatorri iraunkorreko erregaiekin egingo du.