Repsolek, Petronorrek eta Boschek hidrogeno berriztagarriaren Espainiako balio-katean proiektuak garatzeko aukerak aztertuko dituzte

Sinadura ekitaldian, sinatzaileak: Javier González Pareja, Bosch Taldeko presidentea Espainia eta Portugalen; Tomás Malango, Repsoleko Hidrogenoko zuzendaria; eta Emiliano López Atxurra, Petronorreko presidentea. Euren atzean, Emma Nogueira, Bosch taldeko Estrategia eta Negozio Garapeneko zuzendaria Espainia eta Portugalen; Christine N. Maier, Bosch Taldeko Komunikazio eta Harreman Instituzionaletako zuzendaria Espainian; Óscar Herreros, Bosch Rexroth Espainiako Negozio Hidraulikoko zuzendaria; eta José Gregorio Luque, Petronorreko kontseilari delegatua.
Repsolek, Petronorrek eta Boschek asmoen akordioa sinatu dute, hidrogeno berriztagarriaren Espainiako balio-katean baterako proiektuak garatzeko aukera aztertzeko. Hiru enpresek zenbait jarduera-ildo zehaztu dituzte mugikortasunean, industrian eta bizitegi-arloan.

Ekimen hau bat dator Repsolek eta Petronorrek 2050ean zero isurpen garbi lortzeko hartu duten konpromisoarekin, Parisko Akordioaren gidalerroei eta Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Helburuei jarraiki.

Hidrogenoak potentzial handia izango du etorkizuneko mugikortasunean, eta neutraltasun teknologikoan oinarrituta, egiazko bultzada emango die deskarbonizazioari eta zero isurpen garbiei. Gainera, konbustio bidezko motorrak erabiltzeko aukerak berealdiko bultzada emango die automobilgintzaren industriari eta egun gure errepideetan joan-etorrian dabiltzan ibilgailuei. Era berean, tren, autobus zein itsasontzi bidezko mugikortasunak garapen jasangarri eta bideragarria du eredu honetan.

Hortaz, beste aurrerapauso bat izango da hidrogenoaren industria garatzea xede dueten proiektuak bultzatzeko, Hidrogenoaren Euskal Korridorea sendotzeko apustuaren barruan.