Berrobiko TEK aurkeztu da, zeinek 70 etxeri energia berriztagarria kontsumitzeko aukera emango dien

José Ignacio Asensio, David de Miguel eta Juan Diego TEK Berrobiren aurkezpenean.
José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, David de Miguel Berrobiko alkateak eta Juan Diego Edinorreko kontseilari delegatuak Berrobiko TEK (Tokiko Energia Komunitatea) proiektua aurkeztu dute. Energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzera bideratutako komunitate hori garatzeko Berrobiko San Andres ikastetxe publikoaren estalkiak erabiliko dira. Udalak eraikina lagako du Berrobiko familiek eskuratu dezaten elektrizitatea sortzeko eta kontsumitzeko eredu iraunkor hori.

San Andres ikastetxe publikoaren estalkiak 300 m2-ko azalera du. 40 kW-ko instalazio bat egitea aurreikusten da, autokontsumoko erregimenean energia berdea hornitzeko Berrobiko 70 etxetan, instalazioaren 500 m-ko erradioan. TEK Berrobin parte hartuz gero, argiaren fakturan urtean % 20 inguru aurreztuko du unitate bakoitzak, eta 392 tona CO2 gutxiago isurtzea suposatuko du.

Interesdunek TEK-ean parte hartzeko aurreinskripzioa egin dezakete Udaletxean. Prozesu horretan guztian, arreta berezia eskainiko zaie ahultasun energetikoan dauden familia-unitateei.

José Ignacio Asensiok nabarmendu du horrelako ekimenak bultzatu eta erraztu behar direla, autokontsumoa, mendekotasun energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko, trantsizio energetiko bidezko batera iristeko bidean: “Energia komunitateek berriztagarrien erabileran oinarritutako eredu iraunkorra sustatzen dute, aurrezpena dakarte kontsumitzaileentzat eta pobrezia energetikoari aurre egiteko tresna eraginkorra dira”.

Juan Diegok adierazi duenez, “Berrobiko TEK-n parte hartzen dutenek, beren udalerrian bertan energia iraunkorra sortzen laguntzeaz gain, autokontsumo partekatuko erregimenean egingo dute, beti faktura elektrikoan sartzen diren bidesarien eta karguen kostuak aurrezteko”.

David de Miguelek, bere aldetik, ekimena udalerriko herritarrentzat aukera ona dela aipatu du, “izan ere, partekatutako autokontsumo-erregimenari esker faktura elektrikoa merkatzeaz gain, energia iraunkorraren kontsumoa ziurtatzen dute Berrobin”.

Proiektu hau lankidetza publiko-pribatuko ereduan garatuko da eta Edinorrek parte hartuko du, Petronorren filiala, zeinek trantsizio energetikorako proiektuen artean, TEKen sustapena eta garapena ditu.

Informazio gehiago tekberrobi.eus-en.