Repsolek 2.549 milioi inbertituko ditu 2030era arte hidrogeno berriztagarria bultzatzeko

Repsolek hidrogeno berriztagarriaren estrategia aurkeztu du gaur, eta ibilbide-orri honen bitartez, Iberiar Penintsulako merkatua lideratu eta Europa mailako hirugarren ekoizlea izatea lortu nahi du. Tomas Malango konpainiako Hidrogenoaren arloko zuzendariak errepasoa egin dio konpainiak hidrogeno berriztagarriaren balio-kate osoan hedatu beharreko proiektu eta ekimenen multzoari, 2030era arte aurreikusia duen 2.549 milioi euroko inbertsioa tarteko. Repsolek hainbat teknologia erabiliko ditu 2025ean 552 MWeko potentzia instalatua izateko, eta 1,9 GWekoa 2030ean.  

Hidrogeno berriztagarria da Repsolen zutabe estrategikoetako bat, 2050ean zero isurpen garbi duen konpainia bihurtzeko. Konpainiak hainbat teknologia erabiliko ditu hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenari dagozkion helburuak lortzeko, hala nola, elektrolisia, biogasaren bidezko ekoizpena edota Enagas bazkidearekin batera garatzen diharduen fotoelektrokatalisia.

Repsolek iragarri duenez, elektrolizagailuak ekoizteko lantegiak kokatuko ditu konpainiaren industria-eremuen inguruan. Irailaren 20an, Repsolek Petronorren findegian lehen elektrolizagailua instalatu zutela jakinarazi zuen. 2,5 MWeko gaitasuna duela, lantegia 2022ko bigarren seihilekoan jarriko da martxan, findegia zein hortik gertu dagoen Abanto Zierbena herrian kokatutako Ezkerraldeko Parke Teknologikoko instalazio batzuk hornitzeko.

Era berean, aurtengo otsailean, Petronorrek eta Repsolek Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) sorrera sustatu zuten, Euskadiko zein Estatu osoko ekonomiaren susperraldia hidrogenoaren ekonomiaren bitartez bultzatzeko asmoz, deskarbonizazioan aurrera eginez eta energia, mugikortasuna, industria, zerbitzuak eta bestelako sektore estrategikoak bultzatuz. Partzuergoak 80 enpresa, erakunde eta ikerketa-zentro bildu ditu dagoeneko, eta guztien artean, 1.431 milioi euro mobilizatzeko asmoa dute 2026ra arte, hidrogenoaren balio-kate osoari dagozkion 40 proiektu gauzatzeko, 1.300 enplegu baino gehiago sortuz eta eskualdea hidrogeno berriztagarriaren arloko nazioarteko erreferente bihurtuz.

Bestalde, Repsol hidrogeno modu konbentzionalean ekoizteko azpiegiturak egokitzen ari da biogasetik hidrogeno berriztagarria sortu ahal izateko, ekonomia zirkularrarekin lotutako teknologiak erabiliz, besteak beste. Gainera, Repsolek duela hamarkada bat baino gehiago heldu zion fotoelektrokatalisiaren teknologiaren aldeko apustuari, izan ere, egungo soluzioen aldean, ura eta eguzki-argia baino ez ditu lehengaitzat behar % 100 berriztagarria den hidrogenoa ekoizteko. Repsolek erregai sintetikoak ekoizteko munduko lantegirik handienetakoa eraikiko du Bilboko portuan, Saudi Aramcorekin batera, eta horko lehengai bakarrak hidrogeno berriztagarria eta CO2a izango dira. Lantegia 2024an jarriko da martxan, eta urtean 2.100 tona baino gehiago ekoizteko gaitasuna izango du.

Tomás Malangoren esanetan, “bioerregai aurreratuen, erregai sintetikoen eta hidrogeno berriztagarriaren arteko konbinazioa da aukera teknologikorik lehiakorrena deskarbonizazioaren erronkak gainditzeko, egun elektrifikazioa bideragarria ez duten sektoreetan”.

Repsol eta EDPren akordioa 

Testuinguru honetan, Repsolek eta EDPk -EDP Renewables (EDPR) filialaren bitartez- elkarrekin lan egingo dute Iberiar Penintsulako hidrogeno berriztagarriko proiektuetan inbertitzeko aukera berriak ebaluatzeko. Bi enpresetako kontseilari ordezkari Josu Jon Imazek eta Miguel Stilwell d’Andradek aste honetan Espainiaren Lisboako Enbaxadan sinatu duten Memorandum of Understanding (MoU) delakoak hasiera eman die bi aldeen arteko elkarrizketei, Iberiar Penintsulan energia berriztagarrien arloko proiektuak inplementatzeko.

Akordio honek bi enpresek Espainian eta Portugalen hidrogeno berriztagarriko proiektuetan inbertitzeko dituzten aukerak ebaluatzen ditu. Euskadi, Asturias eta Sines dira aurreikusitako lehenengo kokapenak.

Oraingoa beste urrats bat besterik ez da, bi enpresek trantsizio energetikoa bizkortu eta karbono-neutraltasuna lortzearen alde hartu duten konpromisoaren barruan.

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariaren esanetan, “akordio honek bi enpresa handi hauen gaitasun osagarriak bilduko ditu, Espainiako zein Portugalgo ekonomien deskarbonizazioa bizkortzeko. Sinergiek eta hidrogeno berriztagarriaren ekoizpen eta merkaturatzean balioa sortzearen aldeko borondateak, teknologia nahiz erregulazio arloetako erronken gainetik garapen-bidean dagoen merkatua garatzen lagunduko dute”.