Diru-kopuruetan zein konpromiso federalari erreparatuta historikotzat jo dezakegun funts horien mobilizazioak ikuspegi eta eginkizun estrategikoak ditu: Europar Batasuneko balio-kate teknologiko eta industriala indartu eta dimentsionatzea, Txinarekin arrakastaz lehiatzeko eta AEBekin lehian zein lankidetzan jarduteko.
Alabaina, ez da komeni Europako funtsen zergatiaren ikuspegia galtzea. Ez da mana bat, Herrialde bezala muskulatzeko tresna bat baizik. Horretarako, estrategia sendoak izan behar ditugu sektore publikoan zein pribatuan, aktibo guztiak optimizatzeko eta gure posizioa sendotzeko.
Pandemiak agerian utzi ditu Europako sistema tekno-industrialak saihestu beharreko arriskuak, baita egiturazko ahuleziak ere, ardatz Indo-Pazifikorantz biratuz doan egungo munduaren aurrean. Alemaniako koalizio-gobernuaren akordioak, Frantziak Europar Batasuneko kontseiluko presidentzian dituen ildo nagusien aurkezpenak eta ardatz franko-alemaniarren zein Batasuneko erakundeen sustrai partekatuak begien bistara ekarri dizkigute funtsezko kezka nagusiak. Hau da, Europaren autonomia estrategikoaren ahultasunak gure ongizatearen eta segurtasunaren gainbehera ekarriko du.
Nazioarte mailan, Europar Batasuneko 447 milioi herritarrek aurre egin behar diote, gure ongizatea berdindu nahian dabilen 8.000 milioi pertsonako unibertsoa teknologikoki nahiz industrialki lideratzeko asmoa duen Txinako 1.411 milioi biztanleen indar demografikoari.
Europako Batzordeak munduko BPGari buruz egin dituen 2019rako, 2040rako eta 2050erako proiekzioak guztiz adierazkorrak dira. Europar Batasunak mundu osoko BPGaren % 18,3 du 2019an, baina % 12,3 izango du 2040an eta % 11,2 2050ean. AEB egungo % 22,9tik % 16ra jaitsiko da 2040an, eta % 14,3ra 2050ean. Txinak munduko BPGaren % 16,9 du 2019an eta % 20ra igoko da 2050ean, lehenengo postuan kokatuz. Eta 30 urteren buruan, India eragile berritzat nabarmenduko da, % 3,3tik % 12,8ra igaroz 2050ean, Europar Batasunaren gainetik. Joera bezain nabarmena da Europaren berpizkundearen premia.
Europaren egungo egoera honetan, barneko interes geopolitikoak Europaz gaindiko eskualdeak egituratzen ari dira, gaitasunak Europa erdialderantz eta iparralderantz fagozitatzeko joerarekin, eremu hanseatikoari protagonismoa emanez eta Alpeen ingurunea indartuz. Egoera honetan, behar-beharrezkoa da Espainia eta Portugalentzat, Europako funtsen mobilizazioak etorkizuneko Iberiar Erkidego Ekonomikoa eratzen laguntzea, Europar Batasunaren interesei erantzungo dieten maila geopolitikoko aktiboak eta Frantzia-Alemania-Italia triangelua -Iberiar Erkidegoa kontuan hartzeko moduko eragiltzetzat hartuta- lauki bihurtaraziko dituen aktibo tekno-industrialak bilduz.
Euskadik zimendu sendoak ditu Iberiar Erkidegoan protagonismozko eginkizuna betetzeko. Gure kapilaritate industrialak, gure oinarri teknologikoak, prestakuntzak eta kokapen geografikoak norabide horretara bultzatzen gaituzte Aktibo horiek funtsezko garrantzia dute, baina ez dira nahikoak izango, baldin eta Europar Batasunaren barruan eskualde dinamikoa, kongruentea eta segurua izateko helburua lortzen lagunduko diguten ikuspegi estrategikoaz, adoreaz eta sendotasunaz baliatuta lan egiten ez badugu. Zintzoak izan gaitezen gure ahuleziak aztertzerakoan, eta eraiki dezagun etorkizuna lankidetzan eta kohesioan oinarrituta. 2030a oraintxe eraikitzen ala suntsitzen ari gara.
Amaitzeko, azpimarratzeko moduko hiru ohar. Bat: funtsek sistema teknologiko industrial sendo eta lehiakorra lortzen lagundu behar digute 2030era begira. Bi: ez dago indarrik sektore publiko eraginkorrik gabe. Eta hiru: gizarteek aurrera egin ohi dute egonkortasuna dagoenean, oinarrizko hezkuntza bikaina denean eta kohesioa dagoenean.
Emiliano López Atxurra
Petronorren Presidentea