Arabako Foru Aldundiak, Talgok eta Petronorrek hidrogenoaren ekonomia bultzatuko dute lurraldean

Emiliano López Atxurra, Ramiro González eta Carlos Palacio Oriol, akordioa sinatu ondoren.
-Arabako Foru Aldundiak hidrogenoa —erregai gisa— oinarri duen mugikortasun iraunkorra sustatzeko apustua egin du, hartara lurraldean garraioa deskarbonizatzen laguntzeko, eta apustu hori dela eta sortu da aliantza.

-Petronorrek behar diren azpiegiturak garatuko ditu hidrogeno lehiakor berriztagarria hornitzeko, Arabako industria eta garraio sektoreko enpresak zuzkitu ahal izateko. 

-Talgo enpresak Hidrogenoaren Euskal Korridorean sartuta dagoen aldiri-eskualdeko hidrogeno trena garatzeko proiektua gauzatuko du Ribabellosan (Araba) dituen instalazioetan.

Arabako Foru Aldundiak, Talgok eta Petronorrek bat egin dute Araban hidrogeno berriztagarriaren ekonomiaren garapena bultzatzeko. Hiru erakundeek hidrogeno berriztagarriaren inguruko garapen industriala eta teknologikoa bultzatuko duen aliantza sinatu dute. Horrek Arabako enpresei modu iraunkorrean hazteko aukera emango die, eta lurraldeari trantsizio energetikoan aurrera egiteko aukera emango dio.

Arabako Foru Aldundiak industriaren eta garraioaren deskarbonizazioa sustatzeko apustua egin du, hartara eguneratze teknologikoa bultzatzeko, hidrogeno berriztagarria —erregai gisa— oinarri duen mugikortasun iraunkorra ahalbidetu ahal izateko. Bada, Aldundiaren apustu hori dela eta sortu da aliantza, eta irekita dago bat egin nahi duten erakundeei. Gaurtik aurrera, Petronor eta Talgo enpresen eskutik egingo du aurrera, agertoki horretarantz.

Zehazki, Petronorrek behar diren azpiegiturak garatuko ditu hidrogeno berriztagarri lehiakorra hornitzeko, Arabako industria eta garraio sektoreko enpresak zuzkitu ahal izateko. Helburua da karbono gutxiko hidrogenoa pixkanaka sartzea, hidrogeno berriztagarriaren kontsumo osoa lortu arte. Ildo horretan, aipatzekoa da konpainiak konpromisoa hartu duela 2050ean zero CO2 isuri lortzeko. Horretarako, energia eraginkortasunean inbertituko du, urtean 300.000 tona CO2 inguru murrizteko; eta, aldi berean, prozesuan isuri gutxiago dituen eta karbono gutxiko erregaiak sortzen dituen findegi baterantz aurrera egingo du. Findegiaren kontzeptu berri hori garatzeko, hidrogenoaren ekonomian sakonduko da, hain zuzen ere.

Talgoren ekarpenari dagokionez, konpainiak Vittal One trena garatzeko proiektua gauzatuko du Ribabellosan (Araba) dituen instalazioetan. Trena aldiri-eskualdekoa izango da, hidrogenoz ibiliko da eta Hidrogenoaren Euskal Korridorean sartuta dago. Enpresa horrek ibilbide luzea egin du tren arin eta energetikoki eraginkorren ekoizpenean, trenbide operadoreei lurraldea egituratzen duten produktuak hornitzeko konpromisoari erantzunez, garapena sustatuz eta herrien arteko loturak hobetuz, eta aldi berean garraioaren iraunkortasunean eta ingurumenaren kontserbazioan lagunduz.

Arabako Foru Aldundiak Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren helburuak betetzen aurrera egiteko eta, trantsizio energetikoan eragile garrantzitsua izan dadin, euskal energia sektorearen gaitasun industrialei eta teknologikoei balioa emateko egindako apustuaren barruan sartzen da aliantza publiko-pribatu hori. Era berean, klimaren arloko Europako zuzentarauei erantzuten die, bai eta Europako teknologia eta industria berroneratzeko estrategiari ere. Azken hori “EU Green Deal” itunean dago zehaztuta, zeinaren helburua baita Europak zero isurpeneko ekonomia izatea.

Pandemiak trantsizio energetikoa bizkortu du, eta berreraikuntzarako funts komunitarioek garrantzi berezia ematen diete Green Dealeko proiektuei. Proiektu horiek ekonomia produktiboa sendotzera eta teknologia eta industria sistema sendotzera bideratuta daude. Testuinguru horretan, Arabako Foru Aldundiak, Talgok eta Petronorrek lankidetza publiko-pribatu hori hitzartu dute trantsizio energetikoaren esparruko proiektuei ekiteko tresna gisa, Europako erakundeek proposatutakoaren ildotik.

Ramiro Gonzálezek bere hitzaldian adierazi duenez, “hidrogenoa beharrezkoa da trantsizio energetikorako eta klima aldaketaren aurkako borrokarako, eta akordio honek erakusten du administrazioek eta enpresek konpromiso sendoa dugula bide horren bidez deskarbonizazioan aurrera egiteko. Gure industria beti izan da erreferentea energiaren arloan, eta horregatik jarraitu behar du berrikuntzaren alde egiten, eta bide horretan gure konpromisoa eta laguntza bermatuta daude.” Diputatu nagusiaren iritziz, gainera, “Proiektu honek argi uzten du Talgo buru dela eraldaketa honetan. Harro gaude Arabako enpresa hori, baita sektoreko erreferente handia den Petronor ere, hau bezalako politika berritzaileetan buru-buruan daudelako”.

Emiliano López Atxurra Petronorreko presidentearen arabera, “gaur sinatutako akordio hau beste urrats bat da hidrogeno berriztagarriaren aldeko apustu publiko-pribatua sendotzeko, hidrogeno berriztagarria trantsizio energetikoari ekiteko funtsezko energia iturritzat hartuta, erabakigarria izango baita mugikortasunaren eta industriaren deskarbonizazioan. Aldi berean, aukera paregabea da hura sendotzeko beharrezkoa den balio kate tekno-industriala garatzeko. Garraio iraunkorrerako irtenbide bat da hidrogeno trena, balio kate osoan lan egitea eskatzen duena hidrogeno berriztagarria sortzetik industriaraino, hots, Talgo, eta azken erabiltzailearenganaino iristen dena, hau da, bidaiariak, zeinek garraio iraunkorraz gozatu ahal izango baitute. Irtenbide hori abian jartzeko Arabako Foru Aldundiaren laguntza izateak aukera ematen digu hurbilketa horretan aurrera egiteko, trantsizio energetikoa lurraldearen deskarbonizazioa eta garapen ekonomikoa bateratzeko aukera baita.  Azken batean, esan dezakegu Hidrogenoaren Euskal Korridoreak pieza bat gehiago jartzen duela bere eraikuntzan”.

Azkenik, Carlos Palacio Oriol Talgoko presidenteak adierazi duenez, “Araba Talgoren sorterria izan da; Araban sortu ginen eta jarraitzen dugu, eta lurralde honekiko duela 80 urtetik honako loturari eusten diogu. Gaur sinatu dugun akordioa, zalantzarik gabe, mugikortasun deskarbonizatu eta iraunkor baten etorkizuna da, eta aliaturik onenekin ari gara lankidetzan, hots Petronorrekin eta Arabako Foru Aldundiarekin. Hidrogeno trena errealitate teknologikoa da dagoeneko; Talgo ari da hura garatzen bere teknologiarekin, eta martxoan hasiko gara probak egiten”.