Topaketaren eta sinadura-ekitaldiaren aurretik, lan-bilera pribatua egin dute sektorearen deskarbonizazioari buruz, Grant Thornton zerbitzu profesionalen arloko konpainiak moderatuta, automobilgintzaren balio-kateko zenbait eragile tarteko zirela, hala nola, Foment del Treball, CIAC edo UGT eta CCOO sindikatuak.
Aliantza estrategiko honek argi utzi du Repsol Fundazioak eta ANFACek eztabaida zorrotza, zabalkundea eta ezagutza bultzatzeko asmo sendoa dutela sektore publiko, pribatu, akademiko eta zientifikoetako giltzarrizko partaideen artean.
ANFACekin sinatutako akordio honen bitartez, Repsol Fundazioak bidezko trantsizio energetiko inklusibo eta lehiakorraren aldeko apustua indartu du. Antonio Brufauren esanetan, “teknologian oinarritutako ikuspegi bateratu eta zorrotzak baino ez du lortuko herrialdearen ekonomiarako, lehiakortasunerako eta enplegurako guztiz estrategikoak diren bi sektore hauen bizitasuna ziurtatzea”.
Bestalde, Wayne Griffithsek nabarmendu duenez, “etorkizuneko mugikortasunerantz aurrera egiteko, beharrezkoa da ekosistema berri honen barruko sinergien inguruko ikuspegi bakarra izatea, gizartearen nahiz herrialdearen mesedeko garapena erraztearren”.
Automobilgintzaren euskal sektoreak 18.351 milioiko fakturazioa izan zuen 2021ean, aurreko ekitaldian baino %10,5 handiagoa, eta salmenten %90 nazioartean egiten dira oraindik, horien erdia baino gehiago Europatik kanpo. Automobilgintzarako osagaien euskal sektoreak 120.000 langile baino gehiago ditu maila globalean, eta horietatik 40.000 Euskal Autonomia Erkidegoan daude.
Estatuan, biztanleria aktiboaren %9k automobilgintzan lan egiten du zuzenean nahiz zeharka, eta sektoreak esportazio guztien %18 eragiten du, BPGari %11 inguruko ekarpena egiten diolarik. Espainia Europako 2. postuan dago ibilgailuen fabrikazioari dagokionez, eta munduko 9. postuan.