-Gainera, Deskarbonizazio Hubak Enagas, Energiaren Euskal Erakundea (EVE) eta Saudi Aramco ditu bazkide, puntako ekimen hau trantsizio energetikoaren arloko Europako abangoardian kokatuz.
-Erregai sintetikoak egungo edozein ibilgailutan erabil daitezke (automobiletan, kamioietan nahiz hegazkinetan) eta horiek ekoizteko lehengai bakarrak hidrogeno berdea eta atmosferatik kendutako CO2a dira.
-Erregai sintetikoak zero isurpen garbikoak izango dira, hau da, horien erabileran isuriko den CO2 kopurua ekoizpenean erabilitako bera izango da, orekari eutsiz.
-Erregai sintetikoen ekoizpen-instalazio hau 10 MWeko elektrolizagailu batek sortutako hidrogeno berriztagarriaz elikatuko da.
-Hidrogeno berriztagarria uretatik sortzen da, hidrogeno eta oxigeno molekulak energia % 100 berriztagarriz elikatutako elektrolizatzaile batean bereiziz.
-Instalazioak 103 milioi euroko inbertsioa dakar, hasieran aurreikusitako 80ak aise gaindituz, eta bi urtetan abian jartzea espero da.
-Gainera, balioztatzeko-egitasmo batean lanean ari da, ingurunean sortutako hiri-hondakinak erabiliko dituena (papera, kartoia, plastikoak edo oihalak) energia bihurtzeko.
-Ekoitzitako erregaia Petronorrek kontsumitzen dituen erregai tradizionalen zati bat ordezteko erabiliko da.
Petronor/Repsolek beste aurrerapauso bat eman dute gaur trantsizio energetikoranzko estrategiaren barruan, Bilboko Portuan Deskarbonizazio Hub-eko lanei hasiera emanez. Instalazioek planta bat izango dute, erregai sintetikoak ekoizteko, eraikuntza-lanak hurrengo bi urteetan gauzatuko dira eta inbertsioa 103 milioi eurokoa izango da, hasieran aurreikusitako 80 milioiko inbertsioa nabarmen gaindituz. Gainera, hiri-hondakinen balorizaziorako proiektu bat abiatuko da horietatik karbono baxuko energia lortzeko helburuz.
Iñigo Urkullu lehendakariaren aurrean, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak lanen hasiera iragarri du gaurko ekitaldian, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkaria, Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidentea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua bertan zirela, besteak beste.
Honela, Petronor/Repsolek hasiera eman diote Enagas, Energiaren Euskal Erakundea (EVE), Aramco eta estatu zein nazioarte mailako beste bazkide batzuk dituen baterako proiektu handi honi. Proiektu hauek Hidrogenoaren Euskal Korridoreko ekimenei lotuta daude.
Emiliano López Atxurra Petronorreko Presidenteak adierazi duenez, “proiektu honetan oraina, iragana eta geroa uztartu ditugu, izan ere Portu hau Petronorren historiari eta orainari lotuta dago. Orain etorkizunari ere bai. Trantsizio energetikoa jasangarria eta inklusiboa izan dadin defendatu dugun neutraltasun teknologikoak eredu garbia du gaur hemen”.
Josu Jon Imaz Repsoleko Kontseilari Ordezkariaren esanetan, “deskarbonizazio eraginkor eta jasangarriaren alde hartu dugun konpromisoak 103 milioi euroko inbertsioa ekarri du deskarbonizatutako industria-instalazio berrietan, kalitateko enplegua sortuz eta gure industriaren indarra eta lehiakortasuna sustatuz”. Josu Jon Imazek adierazi duenez, “proiektuak inplikatutako teknologiak probatzeko aukera emango digu, eta munduan lehenengo aldiz erabiliko dira hemen, Bizkaian.”
Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko Presidenteak zorionak eman dizkio Petronorri, “izan ere, proiektu honek oinarriak finkatu ditu Euskadi hidrogeno berdearen sorkuntzaren mapan kokatzeko, hauxe izango baita etorkizun hurbileko erreferentziazko erregai jasangarrietako bat. Eta babesa adierazi nahi diogu Petronorri etorkizuneko energiaranzko trantsizioaren inguruko hautabide estrategikoetan.”
Erregai sintetikoak
Bilboko portuan kokatutako Deskarbonizazio Hubak, atmosferara egindako karbono-isurpenak Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Parisko Akordioan ezarritako helburuen arabera murrizten lagunduko duten erregai garbien bi ekoizpen-instalazio izango ditu. Horietako lehena, 103 milioi euroko inbertsioa tarteko, ura eta atmosferatik kendutako CO2a baino ez ditu lehengaitzat erabiliko zero arrastoko erregaiak ekoizteko, eta ezaugarri horiek dituen munduko instalaziorik handienetakoa izango da. Erregai sintetiko horiek egungo edozein ibilgailutan erabili ahal izango dira, automobiletan, kamioietan, itsasontzietan edo hegazkinetan.
Helburua zero isurpen garbiko erregaiak ekoiztea da, atmosferara isuritako gasen eta atmosferatik kendutakoen arteko oreka lortuz, funtsezkoa baita klima-aldaketaren aurkako borrokarako.
Erregai sintetikoak ekoizteko instalazio hau 10 MWeko elektrolizagailu batek sortutako hidrogeno berriztagarriaz elikatuko da. Hidrogeno berriztagarria uretatik sortzen da, oxigenoaren eta hidrogenoaren partikulak bereiziz, eta horretarako, % 100 berriztagarriak diren energia-iturrietatik sortutako elektrizitatea erabiliko da.
Bestalde, erregai sintetikoak ekoizteko behar den karbono dioxidoa Petronorren findegitik jasoko da zuzenean. Izan ere, Bizkaiko petrolio-enpresa da CO2a atzitu, biltegiratu eta erabiltzeko prozesuak integratu dituen Iberiar Penintsulako konpainia bakarra eta Europako bakarretakoa.
Azkenik, hidrogeno berriztagarria eta CO2a batera tratatuko dira Bizkaiko instalazioan, zero isurpen garbiko erregaiak lortzeko.
Momentuz, proiektua Repsol Technology Laben gauzatzen ari da, hidrogeno berriztagarria eta CO2a erabiliz erregai sintetikoak egiteko jarraitu beharreko ibilbide teknologikoa garatzen diharduen bi konpainietako zientzialari-talde baten eskutik. Prozesuak heldutasun-maila desberdinetan dauden hainbat etapa ditu, eta horiek guztiak integratu eta eskalatu behar dira demo instalazioan inplementatu ahal izateko. Azkar eta modurik eraginkorrenean lortzeko, Repsolek eta Saudi Aramcok bazkide teknologikotzat gehitu dituzte Johnson Matthey konpainia britainiarra eta Axens frantziarra. Soluzio teknologiko berri hau erregai sintetikoak ekoizteko Bilboko instalazioan aplikatuko da lehenengo aldiz, sektorearen abangoardian kokaraziz.
Kalkuluen arabera, urtean 18.000tik gora erregai sintetikozko upel ekoitziko dira instalazioaren hasierako etapan, eta kopuru honek Bilbo-Madril aire-ibilbidearen erregai-beharrak urtebetean estaltzeko aukera emango luke. Aeronautika sektorean ez ezik, erregai garbi hauek Estatuko zein mundu osoko automobiletan, itsasontzietan edo kamioietan instalatzen diren errekuntza-motorretan ere erabili ahal izango dira.
Hiri-hondakinetatik gasa sortzea
Bigarren proiektua, papera, kartoia, plastikoak, oihalak eta antzeko hiri-hondakinak balioztatzera bideratuko da. Bizialdi erabilgarria amaitua duten osagai horiek guztiak energia eta material berriak sortzeko balia daitezke.
Horrenbestez, bigarren bizialdia emango zaie normalean zabortegietara botako liratekeen hondakin horiei, ingurumen-aztarna gutxituz eta ekonomia zirkularrari lagunduz. Kasu honetan, lortutako gasa Petronorrek ekoizpen-prozesuetan kontsumitzen dituen erregai tradizionalen zati bat ordezteko erabiliko da.
Instalazio hauek martxan jartzen direnean, urtean 10.000 tona hondakin inguru prozesatzeko gaitasuna izango dute, baina ondorengo etapetan kopuru hori pixkanaka-pixkanaka handitzeko aukera ere izango da, urtean 100.000 tona prozesatu arte, Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako hiri-hondakin ia guztiak berrerabiliz.