Deskarbonizazio Hub-aren eraikuntza abiatu da Bizkaian

Lehenengo harria jartzeko ekitaldia, Josu Jon Imaz, Unai Rementeria, Iñigo Urkullu, Emiliano Lopez Atxurra eta Gregorio Villalabeitiaren partaidetzarekin.
Petronor/Repsolek beste aurrerapauso bat eman dute gaur trantsizio energetikoranzko estrategiaren barruan, Bilboko Portuan Deskarbonizazio Hub-eko lanei hasiera emanez. Instalazioek planta bat izango dute, erregai sintetikoak ekoizteko, eraikuntza-lanak hurrengo bi urteetan gauzatuko dira eta inbertsioa 103 milioi eurokoa izango da, hasieran aurreikusitako 80 milioiko inbertsioa nabarmen gaindituz. Gainera, hiri-hondakinen balorizaziorako proiektu bat abiatuko da horietatik karbono baxuko energia lortzeko helburuz.

Iñigo Urkullu lehendakariaren aurrean, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak lanen hasiera iragarri du gaurko ekitaldian, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkaria, Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidentea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua bertan zirela, besteak beste.

Honela, Petronor/Repsolek hasiera eman diote Enagas, Energiaren Euskal Erakundea (EVE), Aramco eta estatu zein nazioarte mailako beste bazkide batzuk dituen baterako proiektu handi honi. Proiektu hauek Hidrogenoaren Euskal Korridoreko ekimenei lotuta daude.

Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak adierazi duenez, “proiektu honetan oraina, iragana eta geroa uztartu ditugu, izan ere Portu hau Petronorren historiari eta orainari lotuta dago. Orain etorkizunari ere bai. Trantsizio energetikoa jasangarria eta inklusiboa izan dadin defendatu dugun neutraltasun teknologikoak eredu garbia du gaur hemen”.

Josu Jon Imaz Repsoleko Kontseilari Ordezkariaren esanetan, “deskarbonizazio eraginkor eta jasangarriaren alde hartu dugun konpromisoak 103 milioi euroko inbertsioa ekarri du deskarbonizatutako industria-instalazio berrietan, kalitateko enplegua sortuz eta gure industriaren indarra eta lehiakortasuna sustatuz”. Imazek adierazi duenez, “proiektuak inplikatutako teknologiak probatzeko aukera emango digu, eta munduan lehenengo aldiz erabiliko dira hemen, Bizkaian.”

Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko Presidenteak zorionak eman dizkio Petronorri, “izan ere, proiektu honek oinarriak finkatu ditu Euskadi hidrogeno berdearen sorkuntzaren mapan kokatzeko, hauxe izango baita etorkizun hurbileko erreferentziazko erregai jasangarrietako bat. Eta babesa adierazi nahi diogu Petronorri etorkizuneko energiaranzko trantsizioaren inguruko hautabide estrategikoetan.”

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du deskarbonizazioak energia berriztagarrien aldeko apustu argia eskatzen duela, “garapenaren, berrikuntzaren, teknologiaren, inbertsioaren eta industriaren aldeko apustua. Deskarbonizazio-huba lehen harria da,  baina, ondoren, beste batzuk etorriko dira”.

Erregai sintetikoak ekoizteko plantak, 103 milioi euroko inbertsioa tarteko, ura eta atmosferatik kendutako CO2a baino ez ditu lehengaitzat erabiliko zero arrastoko erregaiak ekoizteko, eta ezaugarri horiek dituen munduko instalaziorik handienetakoa izango da. Erregai sintetiko horiek egungo edozein ibilgailutan erabili ahal izango dira, automobiletan, kamioietan, itsasontzietan edo hegazkinetan.

Erregai sintetikoak zero isurpen garbikoak izango dira, hau da, horien erabileran isuriko den CO2 kopurua ekoizpenean erabilitako bera izango da, orekari eutsiz. Ekoizpen-instalazio hau 10 MWeko elektrolizagailu batek sortutako hidrogeno berriztagarriaz elikatuko da.

Gainera, balioztatzeko-egitasmo batean lanean ari da, ingurunean sortutako hiri-hondakinak erabiliko dituena (papera, kartoia, plastikoak edo oihalak) energia bihurtzeko. Ekoitzitako erregaia Petronorrek kontsumitzen dituen erregai tradizionalen zati bat ordezteko erabiliko da.

Prentsa oharra, hemen.