Izena emateko epea uztailaren 15era arte dago zabalik, www.teksanfidel.eus webgunean, eta aurkezpenean Udalak energia garbiekin duen inplikazioa nabarmendu du Gernika-Lumoko lehen alkateorde María Uribek, “klima aldaketa gure egunerokoan nabaritzen den une honetan”, eta iragarri du Kultur Etxea TEK San Fidelen parte hartzaileetako bat izango dela. Era berean, hori abiatzearekin batera, “energia berriztagarrien erabilera zabaltzeko helburuarekin ingurumen-heziketa eta sentsibilizazioko ekintzak” bultzatuko dituztela adierazi du.
Bestalde, Edinor-eko zuzendari komertzialak, Javier Zuazolak, herritar guztiak karpara hurbiltzera gonbidatu ditu, energia berriztagarria sortzeko eta kontsumitzeko ingurumena errespetatzen duen alternatiba iraunkor baten partaide izateko. Proiektua bertatik bertara ezagutu eta “0km-ko energia sortu, kontsumitu eta partekatu ahal izango dute, eraginkorragoa eta merkeagoa”, gehitu du. Aurkezpen ekitaldian San Fidel ikastolako Goizane Laisekak eta Edinor-eko TEKen proiektuan parte hartzen duen Renault Autonervion-eko Ainara Martinek ere parte hartu dute.
TEK San Fidel ikastolako eguzki-instalazioak 500 metroko eremuan dauden 150 etxe eta denda txikiri energia emango die, horixe baita araudiak plaketan kontsumitutako energiagatik bidesaririk eta kargu elektrikorik ez ordaintzeko ezartzen duen distantzia. Horrela, bazkideek % 25eko murrizketa lortuko dute faktura elektrikoan, aurrezpen handi samarra energiaren prezioa arazo bihurtu baita familia eta establezimendu txiki askorentzat.
Gainera, udalerriaren iraunkortasunari lagunduko dio; izan ere, instalazioak urtean 885 tona CO2 isurtzea saihestuko du Gernika-Lumon, hau da, 25 urtez berori xurgatzen duten 3.500 zuhaitz landatzearen pare, horixe baita plaken bizitza erabilgarria. TEK San Fidelen instalazioa uztailean hasiko da, eta udaren amaieran amaitzea aurreikusten da.
Horretarako, 115.000 euroko inbertsioa egingo da, eta Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen dituen EBko Next Generation funtsen laguntza jaso du, 75.000 eurokoa. Horrela, TEKek aurrezpena eragingo die parte-hartzaileei funtzionamenduko lehen hilabetetik aurrera.