Iberiak Petronorren ekoitzitako biojeta erabiltzen duten erradio luzeko lehen hegaldiak antolatu ditu

Javier Sánchez-Prieto eta Josu Jon Imaz, gaur.
Repsolek eta Iberiak beste urrats bat eman dute aeronautika sektoreak eragindako isurpenak murrizteko, eta erradio luzeko lehen hegaldiak egiten hasi dira, giza-kontsumorako egokiak ez diren nekazaritzako elikagaien industriako hondakinetatik Petronorren 2021ean ekoitzitako biojeta erabiliz.

Hegaldi horietako lehena Madril eta Washington arteko inaugurazioko hegaldia izan da. Hegaldia 288 bidaiarirentzako lekua duen Airbus A330-200 modeloko hegazkin batek egin du, hauxe baita aire-konpainiaren hegazkinik eraginkorrenetako bat. Bigarren hegaldia IB6193 izango da, Madrildik San Frantziskora, eta hirugarrena Iberiak Madrildik Dallasera egingo duen inaugurazioko hegaldia izango da, biak ala biak Airbus A330-200 hegazkinekin.

Hiru hegaldi hauen bidez, Repsolek eta Iberiak 125 tona CO2 gutxiago isuriko dituzte atmosferara, hegazkinen kontsumoaren eraginkortasunean egindako hobekuntzei esker, bioerregai jasangarriaren erabilerarekin batera.

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariaren esanetan, “aeronautika bezalako sektore batek bioerregaiak bezalako soluzioak behar ditu egungo deskarbonizazio-prozesuari aurre egiteko. Repsolen eta Iberiaren arteko konpromisoak ahalegin horren abangoardian kokatu gaitu. Gainera, enpresa multienergetiko bezala dugun posizioa sendotu du, izan ere, 2050ean zero isurpen garbi lortzeko helburua dugu eta geurea da asmo handiko xede hori finkatu duen sektoreko lehenengo enpresa”.

Bestalde, Javier Sánchez-Prieto Iberiako presidenteak adierazi duenez, “hegazkingintzak gainditu beharreko munta handiko erronka egungoa bezalako pausoak emanez baino ezin izango da gainditu, jatorri jasangarria duten erregaien ekoizpena behar besteko kopuruetan eta prezio lehiakorretan sustatuz, aire-sektorearen trantsizio ekologikoan aurrera egin ahal izateko”.

Ekimen hau Iberiak eta Repsolek mugikortasun jasangarriagoa lortzeko iazko uztailean sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren harira mamitu da. Aurten, bi konpainiek AVIATOR proiektuan parte hartu dute, hegazkinen isurpenek aireportuetako airearen kalitatean duten eragina aztertzeko. Horrez gain, hondakinetatik abiatuta ekoitzitako erregai jasangarria erabili duen lehen Madril-Bilbo hegaldia egin dute, eta Iberia Repsol buru duen SHYNE (Spanish Hydrogen Network) partzuergoan sartu da, Espainian hidrogeno berdearen garapena bizkortzeko.

Datozen bi urteotan, Repsolek eta Iberiak lankidetzan jardungo dute Cartagenako instalazioetan ekoitzitako bioerregaia % 50erainoko portzentajean ere erabiliko duten hegaldiak sustatzeko, hegaldietan Petronorreko instalazioetan ekoitzitako fuel sintetikoaren erabilera bultzatzeko, eta aireportu barruko zerbitzuetako ibilgailuetan HVOaren (hidrotratatutako landare-olioa) erabilera sustatzeko.