Ixone Angulok eta Fernando Diez-Heppek jaso dituzte Petronorrek emandako Enrique Sendagorta Bekak

Charles Pinto, Roberto Velasco, Fernando Diez-Heppe, Andrés Sendagorta, Ixone Angulo, Emiliano López Atxurra, eta José Gregorio Luque, gaur goizean.
Bilboko Ingeniarien Eskolan Enrique Sendagorta Beka emateko ekitaldia egin da gaur eguerdian. Beka Petronorrek sortu zuen 2019an, fundatzaile eta lehen presidente izan zena omentzeko. Oraingo honetan, Ixone Angulo Vaquero eta Fernando Diez-Heppe Echevarri izan dira 12.500 euroko bekak jaso dituztenak.

Biek osatuko dituzte ikasketak Erresuma Batuko Cranfield University-n: lehenak energia digital aurreratuko sistemetako masterra egingo du, eta bigarrenak energia berriztagarriena. Horren berri eman dute ekitaldian parte hartu dutenen aurrean egindako aurkezpen labur batean.

Saria ikasturte bakoitzaren amaieran banatzen da, eta Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko espediente akademikorik bikainena izan eta titulazio bikoitza eskuratu nahi duten bi ikasleri zuzenduta dago. Horrela, Petronorrek ingeniaritzako ikasleen nazioarteko prestakuntza aurreratua bultzatu nahi du energiaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren esparruan.

Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak ekitaldian hitz egin du, azpimarratuz konpainia ez zela existituko Enrique Sendagorta bezalako pertsonarik gabe, duela mende erdi baino gehiago jarduera ekonomikoa eta ilusioa sortzeko gai izan ziren horiek gabe. Adibide horrekin, oraingoa “hortzak estutu eta eraikitzeko garaia” dela uste du, eta “ezagutzatik eta bikaintasunetik, umiltasunetik eraikitzekoa”. Horrela, orain arte jarraitu duten bideari eusteko eskatu die bekadun biei, euren nazioarteko esperientziarekin etorkizuna aberastuko dien “kapital erlazionala” gehituz.

Bestalde, Andrés Sendagorta Sener-eko presidenteak atzera begiratu du, Petronor abian jarri zen garaiari, eta gogorarazi du aitzindari haiek, Enrique bere osaba tartean zela, “ameslariak” izan zirela, “gizartearen mesedetan zerbait berria egiteko asmotan” aritu zirenak.

Azkenik, Ingeniarien Eskolak Petronorren historiari egin dion ekarpena izan da beronen administrazio-kontseiluko kide Roberto Velascoren hitzaldiaren haria, eta nabarmendu du konpainian ez direla “inoiz izan Eskolan trebatutako berrogeita hamar profesional baino gutxiago”.

Ekitaldian egon dira, besteak beste, José Gregorio Luque Petronorreko kontseilari delegatua, Manu Núñez Petronor Innovación-eko zuzendaria eta Charles Pinto, Ingeniari Eskolako zuzendaria. Azken horrek eskertu egin du Petronorrek zentroari etengabeko babesa emanez hartutako konpromisoa, Sendagorta Bekaren bidez oso bereziki.