Lehendakariak nabarmendu zuenez, “egungo egoerak konpromiso indibidual eta kolektibo sendoa eskatzen du trantsizio energetikoa bizkortzeko; energia berriztagarriak instalatu eta erabiltzeko, energia-iturriak dibertsifikatzeko, aurrezteko eta energia- eraginkortasunerako”.
Bestalde, Antonio Brufauk argi utzi zuen “eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza sendoa funtsezkoa izango dela deskarbonizazioaren erronkei eta klimaren inguruko helburuei heltzeko, izan ere, ahalegin honetan denok gara beharrezkoak eta lan egin behar dugu inor atzean gera ez dadin”.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak parte hartu zuen akordioa sinatzeko ekitaldian. Gainera, Emiliano López Atxurra Petronorreko presidentea, Antonio Calçada Repsol Fundazioko zuzendari nagusia eta Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia ere bertan izan ziren.
Aliantza honi esker, elkarrekin lan egiten hasiko dira titulartasun publikoko eraikinetan energia-eraginkortasuna, energia-aurrezpena eta energia berriztagarriak sustatu eta ezartzea xede duten planak garatzeko eta energia arloko azterlanak eta auditoretzak egiteko.
Era berean, bi erakundeek energiaren arloko proiektu berritzaileak bultzatuko dituzte, batez ere digitalizazioarekin lotutakoak deskarbonizazioan aurrera egiten laguntzeko, energia-iraunkortasunaren inguruko prestakuntza-jarduerekin eta dibulgazioa eta sentsibilizazioa lantzeko jarduerekin batera. Horretarako, Repsol Fundazioak Open Room eta Zinkers plataformak jarriko ditu erabilgarri, baita Repsol Fundazioaren Katedren Sarearen jarduerak ere.
Jarduera horiek guztiak Euskadiko Energia Iraunkortasunari buruzko 4/2019 Legearekin, Euskadiko 2030erako Energia Estrategiarekin eta Klima Aldaketaren 2050erako Euskal Estrategiarekin lerrokatuta daude, klima-aldaketaren arloan euskal administrazio publiko arduratsua, eredugarria eta erreferentea sustatzea helburu duten heinean.
Bestetik, Repsol Fundazioak esperientzia zabala du trantsizio energetikoa eta gizartea ardatz duten proiektuetan, inpaktu positibo hirukoitza eraginez ingurumenean, gizartean eta ekonomian, etorkizun iraunkorragoa sortzen laguntzeko asmoz. Testuinguru honetan, aitzindaria izan da inpaktuaren arloko inbertsioan, energia-eraginkortasuna, ekonomia zirkularra nahiz isurpenak murriztu eta orekatzea xede duten basoberritzea eta mugikortasun iraunkorra oinarri dituzten enpresetan parte hartuz.