Aipatzekoa da, oraingoan, Jesus Mari Sagarnaren lana, partitura osatugabeen benetako collagea burutu baitu. Erreskate hori ezinbestekoa izan da Euskadiko Orkestrak Juanjo Ocón maisuaren eta Ana Huarteren gidaritzapean obra interpretatu ahal izateko. Era berean, testuaren moldaketa Unai Elorriagak egin du, Marta Ubieta, Maite Maruri, Olatz Saitua eta Larraitz Navas bakarlariek eta Bilboko Koral Elkarteko haur eta helduen taldeek abesteko, Jose Luis Ormazabal eta Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, hurrenez hurren.
Aurkezpen ekitaldian, Petronor Innovación-eko gerenteak, Elías Unzuetak, nabarmendu du “lankidetza publiko-pribatuak aukera handiak” eskaintzen dituela, eta Petronorrek, “bere ingurunearekiko konpromiso sendoa duen enpresa gisa, bat egiten” duela “modu irmoan gure ustez garrantzitsuenak diren ekimenekin, hala nola Euskal Operarekin”.
Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu duenez, ”1910ean ez zegoen musika-sistema bat dugu zorionez, bi orkestra, bizirik dirauten erakundeak, musika-elkarte pribatuak, bere jardunean bete-betean dagoen artista-talde bat, musika-artxibo bat (Eresbil), konpositoreak… erakunde askok parte hartzen eta lankidetzan diharduten sistema oso bat”. Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuarentzat, “proiektuak ondare immateriala berreskuratzen eta kontserbatzen laguntzen du”.
Diskoa dagoeneko eskuragarri dago Ibs Classical diskoetxearen katalogoan 14,95 euroren truke, eta banaketa digitala bihar, urriak 21, aurkeztuko da nazioarteko hogeita hamar atari baino gehiagotan, besteak beste, Apple Music, Spotify, Naxos, YouTube, Google Play eta eclassical atarietan.