Unzuetak trantsizio energetikoa eta eraginkortasunari buruzko mahai-inguru batean parte hartu du Bilboko Portuko Deskarbonizazio Huba ezagutzera emateko eta Petronor-Repsolen prozesu eta aktibo industrialak eraldatzea eta Konpainiaren Net Zero helburua betetzea xede dituen estrategia aurkezteko. Horren harira, Hubaren 3 bektore nagusiak laburbildu ditu: erregai sintetikoak, hidrogenoa eta ekonomia zirkularra.
Petronor Innovacioneko gerenteak beren-beregi nabarmendu du erregai sintetikoek hegazkingintzan (SAF) zein itsas-garraioan eta distantzia luzeko garraio astunean beteko duten funtsezko eginkizuna. Bestalde, Konpainiak arazo sozial bat konpondu eta aukera bihurtzeko esku artean darabiltzan ekonomia zirkularreko proiektuak deskribatu ditu: “Hondakinen balorizazioa, energiaren deskarbonizazioa eta balio-kate osoaren garapena”.
Horrez gain, zera adierazi du: “Euskadin industriaren lehiakortasuna estu-estu lotuta dago trantsizio energetikoarekin, eta industria sortzeko gai izan behar dugu”. Hartara, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratu du, “funtsezkotzat” joz, eta finantzaketa-elementuak alde batera utzita, “segurtasun juridikoaren eta epe labur-ertaineko ziurtasunaren” garrantzia nabarmendu du.
Next Generation Funtsei dagokienez, Elías Unzuetak aitortu du “beharrezko akuilua direla arreta bideratzeko eta road map delakoa egiteko, ikuspegia positiboa baino ezin da izan, baina laguntzak berandu dabiltza eta ez gaude zain egoteko moduan”.
Ekitaldian izan dira, halaber, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua eta Hanspeter Mock Suitzak Espainian eta Andorran duen enbaxadorea, hainbat erakunde eta enpresaren ordezkariekin batera. Gainera, Iñigo Urkullu lehendakariak Energiaren Euskal Erakundearen 40 urteen inguruko hausnarketa egin du jardunaldiari amaiera emateko.