Lasarte-Oriako TEKa atzo aurkeztu zieten herritarrei, José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua; Agustín Valdivia, Lasarte-Oriako alkatea; Miguel de los Toyos, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuordea, eta Juan Diego, Edinorreko kontseilari delegatua.
Plakak eremu hauetan jarriko dira: Michelin kirolgunea, Garaikoetxea Landaberri ikastola, Sasoeta ikastola, Zumaburu ikastetxe publikoa, Lorezaintza Biltegia eta Zabaleta frontoia. Sei instalazio horien azalera erabilgarria 4.700 m2-koa izango da orotara, eta 1.476 plaka ezarriko dira bertan, energia % 100 berriztagarri eta deskarbonizatuko 545 kW inguruko potentzia emateko. Hala, fakturan % 25eko aurrezpen ekonomikoa lortuko dute milatik gora bizilagunek eta saltoki txikik.
Eraikin publikoen estalkietan instalazioak ezartzeaz gain, proiektuak Basaundi auzoaren birgaitze energetikoari helduko dio. Horretarako, lurzati batean plaka fotovoltaikoak jarriko dira, 180 erabiltzaileri –familien eta tokiko saltokien artean– energia garbia eta berriztagarria emateko. Instalazio horrek biltegiratze bateria batzuk izango ditu, energia soberakina jasoko dutenak, gero efizienteki banatzeko.
Juan Diego Edinorreko kontseilari delegatua adierazi zuenez, “TEKen eskutik abian jartzen dugun eraldaketa bidean benetako mugarri baten aurrean gaude; izan ere, tokiko energiaren kontsumoa eta ingurumena errespetatzen duena guztiontzako errealitatea da gaurtik aurrera Lasarte-Orian”