Lopez Atxurraren hitzetan, trantsizio energetikoari heltzeko behar-beharrezkoa da “oinarri teknologiko europarra duen berregituraketa eta berrindustrializazioa egitea”, beta apustu hori Defentsa arloan ere egin behar dela gaineratu du:b “Europak posizioak bateratu behar ditu lehengaien horniketaren segurtasunean indarra lortzeko, eta horrelakorik ez dago indar militarrik ez dagoenean”.
Lopez Atxurrak Europaren eraikuntzan eta integrazioan giltzarrizkoak izan diren gertakariak ezagutzearen garrantzia azpimarratu du, “gure salbazio-taula” izan diren heinean. Horren harira, nazioarteko egoera eta estrategiak ebaluatu eta aztertzeko beharra gogorarazi du, epe laburreko ikuspegietan erori gabe. “Orain garena 200dik gora urteko historiaren emaitza da: prozesu historikoek pentsamoldean eragiten dituzten aldaketak ez dira mamitzen bi belaunaldi igaro arte, eta horregatik, berehalakotasuna oso aholkulari txarra da”.
“Europazale peto-petoa” dela aitortu ondoren, Europa “gure eskubide eta askatasunen babeserako segurtasuna sortu duen esparru soziopolitiko eta ekonomikoa” dela adierazi du, proiektu europarra ezagutza historiko, soziologiko eta ekonomikoan oinarrituta egituratu dela nabarmenduz. “Europan izandako krisiek eraikuntza-dinamikak sortu izan dituzte, eta funtsezkoa da dinamika horiek ezagutzea gure oraina ulertzeko”.
Julia Pavón Filosofia eta Letren Fakultateko dekanoa izan da ekitaldiaren buru.