Une honetan, Merkataritza Ganberek, Petronorren % 100eko filiala den Edinor bazkide teknologiko dutela, instalazio fotovoltaikoak sustatu dituzte Nafarroa, Sevilla, Valladolid, Errioxa, Alacant, Huesca, Almeria, Tortosa, Badajoz, Kantabria, Torrelavega eta Gipuzkoako 206 udaletan, 28.500 etxe eta saltoki baino gehiagoren mesedetan. Guztira, 22.836 KWeko potentzia sortuko dute. Eguzki-energiaren ekoizpen honi esker, 142.730 tona CO2 gutxiago isuriko dira, energia-komunitatea osatzen duten udalerrien artean 579.890 zuhaitz landatu eta 25 urtez atmosferatik CO2 xurgatzen ariko balira bezalaxe. Gainera, beharrezko administrazio-izapideak hasi dira, beste probintzia batzuetan merkataritza-ganberen bitartez TEKak sortu ahal izateko.
Toda Energía Navarra ereduan, udal-eraikinetako estalkietan instalatutako eguzki-plaka fotovoltaikoak erabiltzen dira energia sortzeko, eta energia hori udalerriaren barruan partekatu edo banatzen da, legez baimendutako distantzien arabera. Nahi duten familiek eta ETEek energia-komunitatean sartzeko aukera dute eraikinetan eta etxeetan inolako obra edo egokitzapenik egin beharrik gabe. Eredu hau industrialdeetan eta merkataritza zein ostalaritza arloetako elkarteetan ere garatzen ari da.
Etxeek, saltokiek eta enpresa txiki eta ertainek % 25 eta % 30 bitarteko murrizketa lortuko dute egungo fakturan, sozialki eguneratuta eta konprometituta dagoen kudeaketa digitalizatuarekin batera. Gainera, energia-komunitateak gainerako kontsumoaren prezioa negoziatu ahal izango du, aurrezkia handiagoa lortuz eta kontsumitutako energia iturri berriztagarrietatik baino ez datorrela bermatuz, energia-komunitatetik kanpo dauden erabiltzaileen aldean.