Zierbenako Arraun Elkarteak aurkeztu zituen atzo, datorren igandean Zierbenako kostaldean jokatuko diren bi estropadetako banderak: gizonezkoen XL. Petronor Bandera eta emakumezkoen III. Edinor Bandera.
José Ignacio Zudaire Petronorreko kontseilari ordezkariaren ondokoak, Arraun Elkartearen ekimenari berrogei urtez etengabe laguntzearen esanahia azpimarratu gura izan zuen: “auzokide onak izan nahi dugu, auzokideek garrantzitsutzat jotzen dituzten ekintzetan lagunduz. Eta estropada, zalantzarik gabe, ekintza horietako bat da”. Zudairek gaineratu zuen, lankidetza ekonomikoa estimagarria izanik, “are estimagarriagoa dela Zierbenako arraun taldearen, elkarteko kide guztien zein, oro har, zaleen ahalegina”, boluntariotza eta konpromiso soziala bezalako balioak “ez baitira garai hauetan sarri ikusten”.
Aldi berean, Juan Diego Edinorreko kontseilari delegatuak positibotzat jo zuen, orain dela hiru urte Arraun Elkartearekin hasitako lankidetza, “Zierbenako berrogeita hamar familiarentzako energia autokudeatzeko lehen instalazioak martxan jarri zirenean”. Diegoren hitzetan, “harrezkero aurrera jarraitu dute-eta laster, instalazio horiek udal-lurralde ia osora zabalduko direnez”.
Bukatzeko, José Luis Herrerías “Txito”, Zierbenako Arraun Elkarteko presidentea, pozik agertu zen, “kosta ahala kosta, Zierbena lau hamarkadotan zehar euskal arraunaren garapenaren partaide izan delako”. Aurkezpenari amaiera emateko, Eugenio Mendikote herriko alkateak, antolakuntzari nahiz babesleei esker oneko hitzak opa zizkien eta berrogei urteko harreman arrakastatsu honek beste onenbeste jarrai dezan espero duela adierazi zuen.