Sailburuari egin dio harrera Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak, eta honek adierazi duenez, “Petronor funtsezko eragilea da industria, energia eta teknologia esparruetan, Euskadin nahiz arku atlantikoan, eta trantsizio energetiko jasangarri eta iraunkorraren partaide aktiboa izan nahi dugu. Trantsizio honek horniduraren segurtasuna bermatu beharko gizarte osoari, enpresei zein partikularrei. Inbertsioa bultzatzeko eta balioa eta etorkizuna sortzeko proiektuen alde egin dugu erronka honekin bat egin nahi duten pertsonentzat”.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren esanetan, “Petronor eragile ekonomiko eta industrial garrantzitsua da Euskadirentzat, eta beren-beregi baloratzen dugu berrikuntza teknologikoarekin duen konpromisoa, jasangarritasunerantz aurrera egin ahal izateko. Eusko Jaurlaritzatik lankidetza publiko-pribatuko eredua sustatzen dugu etorkizuneko erronka eta aukerei aurre egiteko, industriaren deskarbonizazioa eta trantsizio energetikoa kasu, eta Petronor funtsezko bazkidea da bi esparru horietan”.
Findegiko instalazioak bisitatzeaz gain, sailburuak bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu, erabilitako landare-olioak bezalako hondakin organikoak zein biomasatik eta nekazaritzako elikagaien industriatik ateratako hondakinak gehituz erregai gero eta berriztagarriagoak ekoizteko aukera ematen duten jarduera guztiak.
Jarraian, Euskadin hidrogeno berriztagarria sortuko duen 2,5 MWeko lehen elektrolizagailua bisitatu eta 2050ean zero isurpen garbi lortzeko egiten ari diren beste proiektu batzuk ezagutzeko aukera izan du.