Petronorrek aurrera egin du ekonomia zirkularraren aldeko apustuan Birplast proiektuan parte hartuz

Euskadiko hamabi enpresak –Petronor barne– Birplast industria-ikerketarako proiektu estrategikoan parte hartu dute. Proiektu horren bidez, karbono-aztarna txikiagoa duten produktuak eta erregaiak sortzeko eta ekonomia zirkularreko prozesuen bidez hondakin plastikoak balioztatzen laguntzeko teknologiak garatu nahi dira.

Proiektuaren helburu nagusia ezagutza-oinarri bat sortzea da, hondakin plastiko konplexuen birziklatze termokimikoko prozesu hobeagoak garatzeko. Izan ere, hondakin-multzo hori beste hondakin batzuk tratatzean sortzen da nagusiki, hala nola ontzi arinak, erabiltzen ez diren ibilgailuak edo tresna elektriko eta elektronikoetatik eratorritako hondakinak.

Petronorrek bazkide moduan parte hartu du partzuergoan, ekonomia zirkularraren aldeko apustuan sakontzeko xedez. 2024. urtean zehar, korronte plastiko konplexuak tratatzeko gasifikazio-prozesu bat garatzen jarraitu da, eta prozesu horretan, ohantze finkoko eta fluidizatuko erreaktoreak, zenbait eragile gasifikante, tenperatura eta beste doitze-parametro batzuk aztertu dira, erreakzioaren errendimendua maximizatzeko eta H2, CO eta CH4 asko dituen sintesi-gasa lortzeko (industrian aplikatu daitezkeen lehengaiak, adibidez). Ikerketa hori Tecnalia bazkide teknologikoarekin lankidetzan arituz egin da, eta VII Edición Plásticos y Economía Circular · Más allá del reciclado – AIMPLAS kongresuan ikerketaren zenbait alderdi aurkeztuko dira, 2025eko otsailaren 6an (Valentzian) ospatuko dena.

Bestalde, aztertutako teknologien eraginkortasunaren aurretiazko ebaluazio tekniko-ekonomikoa egin da. Petronor lan horren buru izan da, eta lortutako korronte plastikoak findegiko ekoizpen-eskeman integratzeko modua aztertu du; horrela, konpainiak bere fabrikazio-prozesuari aplika dakizkiokeen ekimen zirkularrei dagozkien I+Geko jardueren aldeko apustuan aurrera egin dezake. Proiektu hau landu den hirugarren eta azken urtea izan da, eta, aurreikusitako jardueren arabera, helburuak bete dira.

Birplast proiektuan garatzen diren teknologiei esker, karbono-aztarna txikiagoa eragiten duten produktuak sortu eta hondakin plastikoak balioztatu ahal izango dira ekonomia zirkularreko prozesuen bidez. Ekarpen hori funtsezkoa da hondakinaren balio-katea azken produktuan integratzeko, eta, aldi berean, egungo ekonomia deskarbonizatzen lagunduko du ere, Garapen Jasangarrirako Helburuak eta 2030 Agendan xehatutakoa lortzen lagunduz.

Industria-ikerketako proiektu estrategiko bat da, eta HAZITEK 2022 programaren finantzaketa jaso du, enpresa-arloko I+Gari laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena Sailaren programa. Eusko Jaurlaritzak eta Europar Batasunak batera finantzatu dute jarduera hori, Eskualde Garapeneko Europako 2021-2027 Funtsaren bidez (EGEF).