EHUk Emiliano López Atxurra ohorezko irakasle izendatu du

Emiliano López Atxurra EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ohorezko irakasle izendatu zuten ostiralean, hiru masterren (executive, marketing eta salmentak, eta MBAe3) irekiera-ekitaldian.

Petronorreko presidenteak inaugurazio-hitzaldia eman zuen, “EBren une iluna: trantsizio energetiko eta digitalaren erronka Europako lehiakortasun eta segurtasunerako” izenburupean.

Hitzaldian, Europaren egungo egoera errepasatu zuen energiaren eta digitalizazioaren erronkei dagokienez, lehengaiak elementu kritikoa bihurtu eta Txinak gure hazkundearen erritmoa markatzen duelarik. Gogoratu zuenez, norgehiagoka geopolitikoa lehengaien, teknologiaren eta merkataritzaren aldeko borroka izan da beti, eta horrexegatik, nazioarteko mugimenduek gure gizartearentzat garrantzi handi-handia duten unean bizi gara.

Energiaren munduan, trantsizio energetikoa berrikuntza teknologikoan oinarritutako lehiakortasun eta produktibitatearen mesedeko faktorea da. Beharrezkoa da teknologiak lehian jartzea, deskarbonizazioa eta industria ongien bultzatzen dituztenak bereizi ahal izateko. Izan ere, industriarik gabe, ez dago ongizaterik.