Armadako Estatu Nagusiko Almirante Buruak Petronor bisitatu du

Juan Bautista Payá, Itsasontziko Kapitaina; Nicolás Lapique, Almiranteordea; Josu Jon Imaz, Repsoleko CEOa; Emiliano López Atxurra, Petronorreko Presidentea; Antonio Piñeiro, Almirante Nagusia; Juan Abascal, Industriaren Eraldaketako eta Ekonomia Zirkularreko Zuzendari Nagusia; Tomás García-Figueras, Bilboko Itsas Komandantea; José Gregorio Luque, Petronorreko CEOa; José Ignacio Zudaire, Petronorreko CEOaren Albokoa.
Armadako Estatu Nagusiko Almirante Buru (AJEMA) Antonio Piñeiro Sánchez Almirante Orokorrak, bere lantaldea ondoan zuela, Petronor bisitatu du erregai berriztagarrien estrategia ezagutzeko, eta bertan egin diote harrera Emiliano López Atxurra Petronorreko presidenteak eta Josu Jon Imaz Repsoleko CEOak.

Horrela, AJEMAk agerian utzi du Armadak ingurumen-jasangarritasuna bultzatuko duten ereduak ezartzearen alde hartutako konpromisoa, epe ertain eta luzeko jarduera gidatuko dion “Armada 2050” agiri estrategikoan ezarritakoaren ildotik. Iritsieraren ondoren antolatutako bileran, zehatz-mehatz azaldu dizkiote Repsolek erregai berriztagarrien arloan duen estrategia eta Petronorren Deskarbonizazio Hubaren proiektuak.

Muskizen egindako bileraren amaieran, Bilboko Portura abiatu dira, bertan eraikitzen ari den Deskarbonizazio Hubaren bi instalazioak ikusteko: erregai sintetikoak ekoizteko lantegia eta hidrogenoa eta oxigeno berriztagarria ekoizteko instalazioa.

Erregai sintetikoen lantegi pilotuak urtean 2.000 tona ekoizteko gaitasuna izango du, 146 milioi euroko inbertsioa tarteko, eta bertan ezarriko den teknologia berritzaile eta esperimentalari esker, instalazio aitzindaria izango da, eta munduan horrelako ezaugarriak dituzten instalaziorik handienetakoa.

Deskarbonizazio Hubean bertan kokatuta dagoen 10 MWeko elektrolizagailuak atzitutako CO2aren eta ekoitzitako hidrogeno berriztagarriaren bidez, instalazioak diesela, SAF eta nafta bezalako erregai sintetikoak sortu ahal izango ditu. Produktu horiek ohiko erregaien ezaugarriak dituzte, eta egungo edozein ibilgailutan erabili ahal izango dira: automobiletan, kamioietan, itsasontzietan edo hegazkinetan.