Petronorrek 25 plazatako prestakuntza-programa atera du, ordaindutako praktikekin

Petronorrek, Lanbideren eta Somorrostro Prestakuntza Zentroaren lankidetzaz, Prozesu Jarraituko Instalazio-operadore izateko prestakuntza-programa antolatu du, kimika, mekanika, elektrizitate eta elektronikako espezialitate jakin batzuetako nahiz instalazioko eta mantentze-lanetako edo antzekoetako goi-mailako heziketa-zikloko titulazioa duten pertsonentzat.

Prestakuntzak 25 plaza ditu, eta ikastaroa gainditzen duten ikasleek konpainiaren industria-instalazioko operadoreen enplegu-poltsan sartzeko aukera izango dute

Ikastaroak 920 ordu inguruko iraupena izango du, eta ikasgelan egiteko moduko atal teorikoa izango da, baita lantegi barruko praktikak ere, ekainetik aurrera, lanbide-arteko gutxieneko soldatari lotutako soldata-beka batekin (ekainean, uztailean, irailean, urrian eta azaroan). Prestakuntza honen bitartez, ikasleek operadore bezala lan egiteko gaitasuna izango dute prozesu jarraituko industrietan (findegiak, kimikoak, paper-fabrikak, nuklearrak, uren tratamendurako instalazioak, zementu-fabrikak…).

Ikastaroa 2026ko apirilaren 13an hasi eta 2026ko azaroaren 30ean amaituko da. Hautaketa-prozesuan izena emateko epea 2026ko otsailaren 2ko (astelehena) 14:00ak arte egongo da irekita, eta esteka honetan egin daiteke.