Zierbenako airea, azken hamar urteotako garbiena

“Zierbenako airea da, gaur egun, azken hamar urteotan izan dugun garbiena; honek esangura du ekologistok, enpresok eta erakundeok ondo dihardugula”. Adierazpen hauek gaur eguerdian egin ditu Marzel Elorza Zierbenako alkateak, Euskal Herriko Itzulia dela eta sinatu den itunaren inguruan. Aurten 50. Itzulia izango da eta apirilaren 5an Zierbenetatik aterako, Petronorren laguntzaz.

 

Adierazpen hauek egiteko, Zierbenako alkateak Eusko Jaurlaritzaren Ingurmen Sailaren datuak zein Euskal Herriko Unibertsitatearen azterketak izan ditu gogoan, baita udalak berak ohi dituen kontrolak ere. Zentzu honetan behin eta berriz azpimarratu du datu hauek jendaurrean zabaldu beharra.

Hitzarmena sinatu ahal izateko bildu dira Zierbenako Udal-aretoan Marzelino Elorza alkatea bera; Enrique Erentxun, El Diario Vasco egunkariaren Erakunde Harreman zuzendaria; Jose Luis Arrieta, Euskadiko Txirrindulari Antolamenduen zuzendari teknikoa eta Josu Jon Imaz zein Victor Pérez de Gezuraga, Petronorren lehendakari eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren.