Petronorren Segurtasun Sailaren hainbat Suhiltzaile taldekide aritu dira bart gauean Muskizko hiri-barruan, uholdeak eragindako zenbait ondorio arindu gurarik. Hain zuzen ere, arduradun batek eta langile bik elkarrekin jardun zuten ura uxatzen atzo iluntzeko 20:00etatik gaur goizaldeko ordu biak arte.
Zeregin horretan, diesel motorraren laguntzaz orduko 450.000 litro ateratzeko gauza den ponpa xurgatzaileaz baliatu ziren. “Kanoi”aren ahalmenari esker, han-hemenkako arketetan bildutako ura bertatik bertara xurgatu ahal izan zen eta, aldi berean, Barbadun ibaira jaurti.
Jarduerari dagokion txostenak zehaz-mehatz adierazten duenez gero, Gonzalo Riancho alkateak berak eskerrak eman zizkien Petronorren segurtasun-lankideei goizaldeko ordu bietan euren lana amaitu bezain laster.