IBIL enpresak gaur aurkeztu du BEC-en Europako lehen auto elektrikoen kontrol-gunea. Energiaren Euskal Erakundeak eta Repsolek elkarrekin sortutako enpresa honek BEC-etik bertatik ikustatuko ditu Euskadin gaur egun indarrean dauden 109 kargalekuak. Bezeroek aldez aurretik kontsultatu ahal izango dute eskuko telefonoz non dauden kargalekuak eta baita erreserba egin ere.
Emiliano Lopez Atxurra IBIL-en presidenteak egitasmoaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta ez soilik Europa mailan sekulako teknologia-erronka delako, baita goitik behera euskal industrien ahaleginaren ahaleginez burutu ere burutu izan delako, taxuz eta zentzuz, eraz eta moldez, hasi eta buka. Besteak beste, Ingeteam, ZiV, Euskaltel, Tecuni, Elecnor, Eroski eta Thales dira euskal industria horietako batzuk.
Era berean, Euskadin bertan sortu eta eragindako ekimena izateaz gainera, beste hainbat merkatutara zabaltzeko egitasmoa ere hasiera beretik jarri da abian. Izan ere, 2012 urtean zehar sei ordezkaritza ireki nahi dira Espainiako beste horrenbeste hiriburutan.
Inaugurazio-ekitaldi honetan izan dira, Bernabe Unda Industria sailburua, Josu Jon Imaz Repsolen Energia Berriak sailaren zuzendari exekutiboa eta Jose Ignacio Hormaetxe Euskal Energiaren Erakundearen zuzendari nagusia.
Argazki gehiago, hemen.