Muskizek lana sustatzeko diru-laguntza planen aldeko apostua egin du

Muskizko Udalak herriko langabetuen kontratazio eta prestakuntzarako diru laguntzak eskainiko ditu.

Borja Liañok, Muskizko alkatea, Forlaneko gerentearekin eta Gehilan 2.000 lan bitartekaritzarako enpresaren bi ordezkariekin batera herriko eta inguruko 500  enpresa bisitatuko dituzte. Ekimen honen helburu nagusia enpresek behar duten lan profila ezagutzeaz gainera, langabetuen kontratazioarako diru-laguntza plana ezagutaraztea da.

Gainera, Muskizko Udalak langabetuen prestakuntzarako laguntza programa jarriko du abian, eta mila euro emango dizkie honako baldintza hauek betetzen dituzten auzokide langabetuei: herrian, urtarrilaren 1a baino lehen, erroldaturik egotea, aurtengo kurtsoaren hasieran 23 urteak beteak izatea eta  erdi mailako zein goi mailako zikloa egin ahal izateko beharrezko titulu akademikoaren jabe izatea. Honako diru-laguntza hauek ez dira Petronorrek ematen dituen bekekin bateragarriak. Dirua jasotzeko ezinbestekoa da onuradunek klasera joatea eta kurtsoko irakasgai guztiak gainditzea.

Beka hauetan interesa dutenek Meatzari Aretora, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara, gerturatu daitezke eskaera egiteko.