Athleticek eta Somorrostrok lagunarteko partida jokatuko dute asteazkenean, Muskizen. Petronorrek, bi kluben babesleak, antolatutako topaketa hau El Malecon futbol zelaian jokatuko da, arratsaldeko 19:00etan.
Aurkezpen ofiziala gaur izan da, Salazar Jauregian, Victor Perez de Gezuraga Petronorren zuzendari nagusia, Jose Angel Iribar Athleticen atezain ohia eta Luis Miguel Perez Somorrostroren presidentea bertan zirela.
“Partida Petronorrek Muskizekin duen konpromisoaren eta Athleticekin zein Somorrostrorekin dugun harreman onaren eredu da eta urguilua da guretzat herrian Bizkaiko futbolaren adierazgarri garrantzitsuena izatea” esan du Perez de Gezuragak. Iribarrek haientzat partida hau jokatzea “ohorea” dela esan du “are gehiago atzoko garaipenaz geroztik, pozik eta gogoz gatoz”. Somorrostroren presidentea, bere aldetik, Athleticekin eta Petronorrekin eskerdun aurkeztu da topaketa “jokalarientzat zein zaleentzat motibagarria izango baita”.
Asteazkenean, partiduaz gainera, Somorrostroren gazteak omenduko dira, Ohorezko Dibisiora igo direlako. Mikel Valmaseda Somorrostroren jokalari ohiari ere omenaldia eskainiko zaio, lan istripu baten ondorioz eskuineko oina ebaki behar baitzioten.
Sarrerak 5 € kostatuko dira bazkideentzat, 10€ bazkideak ez direnentzat eta 2 euro umeentzat. Bazkideak diren umeak dohainik sartuko dira.
Bideoa, hemen.